Gizartea -
Segurtasun dispositiboa Bilbon
500 ertzain, 100 udaltzain eta 200 zaindari pribatu, Athletic-Spartak partidan
Herritarrei zein zale zuri-gorriei “lasaitasuna” eskatu die Segurtasun sailburuordeak. Era berean, Spartakeko jarraitzaileen “probokazioetan ez erortzeko” eskatu die Josu Zubiagak.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Athleticek segurtasun dispositibo bat prestatu dute talde zuri-gorriaren eta Moskuko Spartaken arteko partidarako. Horrela, osteguneko norgehiagokan segurtasuna bermatzeko, 500 ertzain, 100 udaltzain eta talde bilbotarrak kontratatutako 200 zaindari pribatu prest izango dira, Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak jakitera eman duenez.
Herritarrei zein zale zuri-gorriei “lasaitasuna” eskatu die sailburuordeak. Errusiako taldeko jarraitzaileen balizko “probokazioetan ez erortzeko” eskatu die Zubiagak.
Athleticen eta Moskuko Spartaken arteko norgehiagoka “Bilbon egiten den beste ekitaldi” bat dela esan du sailburuordeak. Zentzu horretan, “halako guztiek segurtasunean eragina dute”, gogorarazi du Zubiagak.
Errusiako 2.500 zale
Athleticek Spartaki bidali dizkion sarreren arabera, Errusiatik 2.500 jarraitzaile etortzea espero dutela zehaztu du Zubiagak.
Sailburuordearen ahotan, “gehienak Bilboz eta futbol partidaz gozatzera etorriko dira”, baina “beste batzuen bizitza ikusteko modua eta jokabidea kontutan hartuta, istiluak sortzeko asmoz etor daitezke, eta hiriaren normaltasuna edonola aztoratu dezakete”.
Sarrera barik
Zentzu horretan, Errusiatik Bilbora sarrerarik gabe hurbilduko diren jarraitzaileen kopurua ezin izan du zehaztu.
Bestalde, astearte honetatik segurtasun dispositiboan lanean ari direla azaldu du Zubiagak, “zaleak etortzen hasi direlako”.
“Gasteizen ostatu hartu duten Spartakeko hiru jarraitzailek borroka bat izan zuten atzo bertako kirol-denda batean”, azaldu du sailburuordeak.