Gizartea -

Ikerketa

Arratoien kolon minbizia sendatu eta animaliak inmunizatu dituzte zientzialariek

Bartzelonako Ikerketa Biomedikoko Institutuak egindako lanak kolon minbizi metastasikoa duten gaixoetan aurreneko inmunoterapia tratamendua garatzeko ateak zabaldu ditu.

Kolon minbiziak eragiten duen metastasia sendatzea lortu dute saguetan

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolon minbizi metastasikoa laborategiko arratoietan sendatzea lortu dute Bartzelonako Ikerketa Biomedikoko Institutuaren (IRB) zientzialariek. TGF-beta hormona indargabetu dute. Era berean, organo berdinean minbizi berri bat ez garatzeko animaliak inmunizatu dituzte.

Eduard Batlle ikertzaileak zientzialarien taldea zuzendu du Bartzelonako Ikerketa Biomedikoko Institutuan (IRB). TGF-beta hormonak koloneko tumore zelulak ikusezin egiten dituela egiaztatu dute, Batllek gaur prentsaurrekoan azaldu duenez.

Nature aldizkariak ikerketaren berri eman du gaur. Aldi berean, AEBko botika enpresa baten azterketa ondorio berdinetara heldu dela jakitera eman du aldizkariak. Puxikan minbizia duten pazienteek inmunoterapiari dioten erantzun falta aztertu du AEBko konpainiak.

Lau urteko lana

Batllerekin batera, besteak beste, Danielle Tauriello Italiako zientzialariak lan egin du ikerketan. Gizakien kolon tumoreetan ohikoenak diren lau mutazio genetikoak laborategiko arratoiei aplikatu dizkie Tauriellok.

“Animalientzako eredua sortzeko lau urte behar izan ditugu, baina azkenean asmatu dugu”, ziurtatu du Tauriellok prentsaurrekoan.

Zuhurtzia

Eduard Batllek zuhurtzia eskatu du; izan ere, arratoietan lortutako emaitza positiboak pertsonekin egindako saioetan probatu behar dituzte orain. Gizakiak “heterogeneoagoak” direla ohartarazi du zientzialariak.

Hala ere, “etorkizunean ondesteko minbizia duten paziente askori ikerketa honek mesede” egingo diela ziurtatu du.

Ikerketak kolon minbizi metastasikoa duten gaixoetan aurreneko inmunoterapia tratamendua garatzeko ateak zabaldu ditu, baita pronostiko txarra duten horientzako ere, nahiz eta oraindik metastasia ez garatu.

Ikertzaileen arabera, onkologoek eta botika konpainiek probak egiten hasiko dira laster.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bartzelona bideoak Minbizia albisteak Gizartea albisteak Albisteak Zientzia albisteak Medikuntza albisteak Medikuen albisteak Zientziaren hedapena Animaliak azken ordukoa