Gizartea -
Indarkeria matxista
Foruzaingoak lau gizon atxilotu ditu emakumeen aurkako indarkeria leporatuta
Hala, 42 gizon atxilotu ditu aurten Foruzaingoak emakumeen aurkako indarkeriarekin zerikusia duten delituak leporatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Foruzaingoak lau gizon atxilotu ditu Nafarroan emakumeen aurkako indarkeriarekin zerikusia duten delituak egotzita, Sarrigurenen, Atarrabian, Lizarran eta Elizondon.
Sarrigurenen, 29 urteko gizon bat atxilotu dute, bikotekideari eraso eta irain egiteagatik. Hiriko segurtasunerako agenteak bikotearen etxera joan ziren eta, gertatutakoa egiaztatu ostean, gizona atxilotu zuten. Biktimak aurretik ere jarrita zuen salaketarik.
Atarrabian, emakume batek bikotekide ohia salatu zuen, erasoa jasan eta gero. Emakumeak hainbat zauri zituen besoetan, eta parte medikoa aurkeztu ostean, 53 urteko gizona atxilotu zuten emakumeen aurkako indarkeria leporatuta.
Lizarran, Udaltzaingoak 25 urteko gizon bat atxilotu zuen indarkeria matxista delitu bat egotzita. Emakumeak udaltzainei deitu zien bikotekideak eraso egiten ziola salatzeko. Emakumea osasun-etxera eraman behar izan zuten zauriak artatzera.
Azkenik, Elizondon, 44 urteko gizon bat atxilotu zuten. N-121-B errepidean auto-istripua izan zuen ibilgailu batetik deia jaso zuen Foruzaingoak. Istripua izan zen tokitik ehun metrora negarrez eta urduri zegoen emakume batek esan zien bikotekideak istripua eragin zuela bera zauritzeko. Gizonak emakumearekin eztabaida izan zuela onartu zuen. Hori dela eta, atxilotu zuten, eta ausarkeriaz gidatu eta errepidean kalteak eragin izana egotzita.
Atxiloketa horiek kontuan izanik, 42 gizon atxilotu ditu aurten Foruzaingoak, emakumearen aurkako delituak leporatuta.
----
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.