Gizartea -
Cabacas Auzia
Naiz, Gara eta Jone Goirizelaiaren aurkako 'Ugarteko'ren demanda ez dute onartu
Iñigo Cabacasek heriotza eragin zion pilotakada jaso zuen gauean, arduradun zegoen Ertzaintzako burua; 250.000 euro eskatzen zituen, "ohorean eta intimitatean pairatutako kalteengatik".
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Lehen Instantziako 13. Epaitegiak guztiz gaitzetsi du 'Ugarteko' Ertzaintzako buruak Iñigo Cabacasen familiaren abokatu Jone Goirizelaiaren, Naizen, Gara egunkariaren, Iñaki Soto egunkari horretako zuzendariaren eta Iñaki Iriondo kazetariaren aurkako demanda. Athleticeko zale gazteak heriotza eragin zion pilotakada jaso zuen gauean, 'Ugarteko' arduradun zegoen, eta, demandan, 250.000 euro eskatzen zituen, "ohorean eta intimitatean pairatutako kalteengatik". Epaiak demandatu guztiak absolbitu ditu, euren kontra deduzitutako uziei dagokienez.
Naiz.infok jakitera eman duenez, epaitegiaren iritziz, Naizek, Garak, Iñaki Soto Gara egunkariaren zuzendariak, Iñaki Iriondo komunikabide horretako kazetariak, eta Jone Goirizelaia Iñigo Cabacasen familiaren abokatuak "ez zituzten euren funtzio profesionalak gainditu" Cabacas hil zen gauean 'Ugarteko'ren lana betetzen ari zen Ertzaintzako buruarekin lotutako jardueretan.
Epailearen iritziz, "egiazkoa da, iturriak fidagarriak eta benetakoak direlako" informazio jakin batzuen eta Iñigo Cabacasen heriotza eragiten duen pilotakadaren arteko lotura; informazio horiek, hain zuzen ere, "denarekin sartzeko" aginduari buruzkoak dira. "Une hartan, ez zegoen daturik jakiteko pilotakada hilgarria lehenago botatakoa zen ala ez; grabazioak entzunda, aukera zegoen hipotesi hori ondorioztatu ahal izateko, era zentzudun batean, eta ez da errugabetasun-presuntzioa urratu", gehitu du.
'Ugarteko' identifikatu izateari dagokionez (izen-deiturak argitaratu zituzten), epaileak hauxe dio: "Datuak garrantzia duenez, jendaurrean, informazio-askatasuna gailendu behar zaio auzi-jartzailearen intimitate-eskubideari".
Bestalde, Jone Goirizelaiaren adierazpenei buruz, epaiak dio "adierazpen-askatasunaren mugak errespetatzen dutela"; izan ere, ez da izan esamolde iraingarri edo laidogarririk”.
Horregatik guztiagatik, guztiz arbuiatu dute 'Ugarteko'ren demanda; horrek 250.000 euroko kalte-ordaina eskatzen zuen. Epaiaren aurrean, helegitea aurkeztu ahal da, ondorengo 20 egunotan, eta ez du ezartzen, espresuki, prozesu-kosturik.
"Osasunean izandako narriaduraren arrazoia"
Demandan, 'Ugarteko'k zioen abokatuak komunikabideen aurrean egindako adierazpenek eta horietan argitaratutakoek "osasunean pairatutako narriaduraren arrazoia" direla, bai eta "ibilbide profesionalean jasandako etenaldian".
Bere osasunari dagokionez, besteak beste, argudiatzen zuen tratamendu psikiatrikoa eta psikologikoa jaso zuela, hamazortzi hilabetean, "eta ondorio txarrak" izan zituela, gainera; adibidez, "norbaitek ezagutzeko edo erasotzeko beldurra, depresioa, eta nortasunaren eraldaketa".
Lanaren gainean, aseguratzen zuen ibilbide profesionalaren amaiera ekarri ziola, bai eta sufrimendu handia: "Egoera bidegabea zen, neure buruarengan nuen konfiantza eta segurtasuna galdu nuen, lanpostuan behartuta lekualdatu ninduten, eta 120 lagunen gainean nuen agintea bertan behera geratu zen".
Naizen, Gararen eta horren zuzendariaren eta kazetariaren aurkako akusazioek oinarria zituzten irratiko elkarrizketa jakin batzuk, alegia, Iñigo Cabacas hil zen gaueko irrati-elkarrizketak. 'Ugarteko'ren aginduak entzuten dira grabazioetan.
Demandan, Ertzaintzako buruak salatzen zuen, halaber, Garak eta Naizek haren izen-deiturak ere argitaratu zituztela; horrek kaltea handitu zion. Gainera, haren esanetan, "jazarpen pertsonal bat zegoen, Iñigo Cabacasen heriotzan ardurak ematen zizkiotelako, nahiz eta bera ez dagoen inputaturik auzi horretan".