Gizartea -

Indarkeria matxista

Espetxealdi iraunkorra eskatu dute Gasteizen jaioberri bat hil ei zuen gizonarentzat

Ustez, akusatuak 17 hilabeteko neskato bat leihotik jaurti zuen 2016ko urtarrilean.

Gasteizko Askatasuna kalean jazo zen krimena. Argazkia: EiTB
Gasteizko Askatasuna kalean jazo zen krimena. Argazkia: EiTB
Gasteizko Askatasuna kalean jazo zen krimena. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu du 2016ko urtarrilean Gasteizen ustez 17 hilabeteko neskato bat, Alicia, leihotik jaurtita hil zuen gizonezkoaren aurka.

Ministerio Publikoak azpikeriaz egindako hilketa delitua egotzi dio Daniel Montañori. Gainera, haurraren ama ere hiltzen saiatzea ere leporatu dio. Bigarren delitu horregatik, 9 urte eta 9 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du harentzat.

Fiskaltzaren esanetan, akusatua ezagutu berri zuen emakume gazte baten etxean zegoen 2016ko urtarrilaren 24tik 25erako gauean, Gasteizko Askatasuna kalean. 03:30ean, emakumea eta alaba txikia lotan zeuden logelara sartu zen gizona, eta eskua umearen bularrean jarri zuen, "indarra eginez". Une horretan, ama esnatu egin zen, eta gizonaren eskuaren aurka egin zuen. Horren ostean, gizona emakumezkoari erasotzen hasi zen.

Bat-batean, gizonak balkoira eraman zuen ama, arrastaka, eta, "bat-batean", haurtxoa hartu, eta leihotik bota zuen, "hura hiltzeko asmoz".

Horren ondoren, akusatua emakumea hiltzen saiatu zen, baina horrek ihes egitea lortu zuen.

Aliciak kolpea jaso zuen buruan, eta handik egun batzuetara hil zen, ospitalean.

Espetxe zigorra ez ezik, Fiskaltzak 10 urtez emakumearengandik 500 metrora urruntzeko agindua ezartzea eta 100.000 euroko kalte-ordainak ematea ere eskatu du.

Clara Campoamor elkarteak espetxealdi iraunkorra eskatu du

Era berean, Clara Campoamor elkarteak, Fiskaltzak egin bezala, akusatuari espetxealdi iraunkorra ezartzea eskatu du, beste 20 urteko kartzela-zigorraz gain. Elkartea herri-akusazioa da auzian.

Gertakariak maltzurkeriaz egindako bi hilketa delitu direla uste du herri-akusazioak, horietako bat hilketa ahalegina, baina ankerkeriarekin. Horietako batengatik espetxealdi iraunkorra (25-35 urteko zigorra) eskatu du elkarteak. Besteagatik 20 urteko kartzela-zigorra planteatu du herri-akusazioak, emakumea izateagatik delitua egin zuela larrigarritzat jota.

Bestalde, amarengana 10 urtetan hurbiltzeko debekua eskatu du elkarteak. Fiskaltzak ez bezala, Clara Campoamorrek ez du kalte-ordainik eskatu, herri-akusazioa izanik.

__________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Araba EAE albisteak Gasteiz Gaurko azken ordukoa