Gizartea -
Alerta meteorologikoak
Elur denboralea: Saihestu ibilgailua hartzea, baina beste aukerarik ez baduzu, jarraitu gomendio hauek
Nola gidatu behar dut errepide elurtuetan? Zer egin dezaket autoarekin nonbaiten harrapatuta geratzen banaiz? Jarraitu aholku hauek.
EITB.EUS
Nola jokatu elur denboraleen aurrean:
Bidaia hasi baino lehen
- Errepideko egoerari eta eguraldiari buruzko informazioa aurretik eskatu. Euskalmeten webgunera jo edo deitu Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzako telefonora: 011
- Eguraldia benetan txarra bada, hobe da bidaiarik ez egitea. Ahal dela, erabili garraio publikoa.
- Ziurtatu gurpilak, balaztak eta izotz-kontrakoa ondo daudela.
- Kateak beti eraman, erregai-depositua bete eta berokiak hartu.
- Gomendagarria da neguko gurpilak jartzea.
Errepidean
- Aurreko autoarekin ohikoa baino segurtasun tarte handiagoa utzi.
- Poliki eta kontuz ibili, izotz-plakak egon baitaitezke.
- Ez aldatu noranzkoa bat-batean.
- Izotza dagoen eremu batean sartzen bazara, ez zapaldu galga. Utzi ibilgailuari bere inertzia hutsez aurrera egiten.
Elurretan ibilgailuaren barruan geratzen bazara
- Ez atera autotik, denboraleak barruan zaudela harrapatzen bazaitu.
- Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki; tarteka, berriztatu airea.
- Saiatu ez lokartzen. Tapakiren bat eskuratu, eta berokia jantzita izan.
Mendira joanez gero
- Hobe litzateke mendiko txango eta ibilaldiak bertan behera uztea. Irtenez gero, nondik nora ibiliko zaren esanda utzi.
- Joan nahi duzun lekurako zer eguraldi-aurreikuspen dagoen ikusi, eta kontuan hartu ez dela harritzekoa mendian eguraldia bat-batean aldatzea.
- Eraman ekipamendu eta arropa egokia. Erreserbako jan-edanak eraman motxilan.
- Aukeratu leku egokia, zure sasoiaren, praktikaren eta lekuaren arabera. Ez eman balio handiegirik zure egoera fisikoari, ezta zurekin doazenen egoerari ere, batez ere umeak badira.
- Ahal bada, ez joan bakarrik, eta, ahal izanez gero, eraman sakelako telefonoa.
- Aurrez jakin aterpe edo bordak non dauden, tenperatura asko jaitsi, ekaitza lehertu edo bestelako arazo meteorologikorik izanez gero, non babestu ahal zaren jakiteko.
Etxean
- Kontuz ibili berogailu lagungarriekin (estufa edo sutontziekin), ezustekoren bat gerta daiteke eta.
(Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak emandako aholkuak)