Gizartea -
Hotzaldia
EAEko barnealdea elurragatik abisu horian egongo da asteburuan
Larunbat honetan, elur-kota 400-600 metrotan kokatuko da goizaldean, 800-1.000 metrora gora egingo du eguerdian, eta gauean berriro behera egingo du (600-800).
Agentziak | Erredakzioa
Larunbat eta igande honetarako abisu horia ezarri du Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak; izan ere, elur-kota 400 metrotan kokatuko da, eta beherago datorren astelehenean, 200 metrotan. Kontsultatu trafiko informazio gaurkotua eitb.eus-en.
Horrela, alerta laranja abisu hori bihurtuko da larunbat honetan. Elur-kota 400-600 metrotan kokatuko da goizaldean, 800-1.000 metrora gora egingo du eguerdian, eta gauean berriro behera egingo du (600-800).
Prezipitazio gutxi egingo du goizean, baina goizaldean gehiago botako du isurialde atlantikoan. Arratsaldean gehiago botako du oro har. Gauean kostaldean ekaitzak jo dezake, eta txingorra bota.
2-6 zentimetroko elur-geruza pilatuko da 600 metrotan, larunbatean.
Igandea
Elurragatik abisu horiak jarraituko du igandean; izan ere, elur-kota 400-600 metrotan kokatuko da goizaldean, nahiz eta gero 600-800 metrora igo.
Prezipitazio ahulak espero dira, baina batzuetan mardulago botako du eta txingor ekaitzak izango dira isurialde atlantikoan. Elur-geruzak ez ditu 5 zentimetroak gaindituko, 600 metrotan.
Gainera, larunbat eta igande honetan olatuengatik abisu horia ezarri dute kostaldean. 2-2,5 metroko olatuak espero dira.
Astelehena
Azkenik, astelehenerako zeru hodeitsua iragarri du Euskalmetek. Goizean prezipitazio ahulak espero dira eta arratsaldean gehiago botako du. Elur-kota 500-700 metrotan izango da egunean zehar, baina gauean behera egingo du eta 200 metrotan kokatuko da.