Gizartea -
Lan istripuak
Ostegun beltza langileentzat: lau behargin hil dira Bizkaian
Lau langile hil dira Loiun eta Galdakaon izandako bi lan istriputan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ostegun tragikoa Euskal Herriko langileentzat. Lau behargin hil dira Loiun eta Galdakaon (Bizkaia) izandako bi lan istriputan.
Lehen ezbeharra 06:05ean jazo da, Galdakaon, N-240 errepidean. Ordu horretan, kamioi batek eta Bizkaibus konpainiako autobus batek aurrez aurre talka egi dute, eta, ondorioz, bi ibilgailuetako gidariak hil dira.
Autobus gidariak 31 urte zituen eta Bilbokoa zen; kamioilariak, berriz, 41 urte zituen eta Mena haranean (Burgos) bizi zen, baina jaiotzez bizkaitarra zen.
Bi gizonak harrapatuta gelditu dira, eta suhiltzaileek erreskatatu behar izan dituzte, baina bertan hil dira.
Bizkaibus konpainiaren ibilgailua San Migel - Basauri - Bilbo (Begoñatik) linearen goizeko zerbitzua hastekoa zen, eta Bilboko Bailen kalera zihoan. Hori dela eta, istripua gertatu denean, ez zegoen bidaiaririk autobus barruan.
Handik ordu batzuetara, 15:30ean, beste bi langile hilda topatu dituzte furgoneta baten barruan, Loiun. Hildakoak 32 eta 33 urteko bi gizon dira, Errumaniakoak.
Lehen hipotesien arabera, bi gizonak atseden hartzen ari ziren, eta lokartuta geratu dira sorgailu bat konektatuta zuen furgoneta baten barruan. Gasak arnastuta hil dira.
Ertzaintzak Osalani bideratu dio ikerketa, lan istripua izan daitekeelako.
Ezbeharra Elotxerri auzoan, Loiu eta Sondika lotzen dituen errepidean.
Herritar batek konorte barik topatu ditu bi gizonak, eta larrialdi zerbitzuetara deitu du. Dena dela, osasun langil