Gizartea -

Eskandalua

Lactalisek aitortu du bere esnea 2005etik egon litekeela kutsatuta

Enpresako presidenteak azaldu duenez, urte horretan salmonella atzeman zuten Craongo lantegiko lehortze dorrean, eta 2017an berriro agertu zela.

Lactalis markako produktuak, supermerkatu batean. Argazkia: EFE
Lactalis markako produktuak, supermerkatu batean. Argazkia: EFE
Lactalis markako produktuak, supermerkatu batean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Besnier Lactalis taldeko presidenteak aitortu duenez, baliteke haurrentzako egiten duten esnea 2005etik kutsatuta egotea. Iaz lehertu zen eskandalua, marka horretako produktuak edan zituzten dozenaka haurtxok salmonellosia harrapatu zutenean. 

Les Echos egunkariari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, urte horretan salmonella atzeman zuten Craongo lantegiko (Frantziako ipar-ekialdea) lehortze dorrean, eta 2017an berriro agertu zen.

Besnierren hitzetan, dorreko lurrean eta hormetan egindako lan batzuen ondorioz zabaldu zen bakteria, eta haurrentzako esnea egiteko erabiltzen ziren hainbat gailu kutsatu zituen. 2005ean atzemandako bakteria eta 2017koa "berdina" direla azaldu du Besnierrek, baina azpimarratu du Lactalis ez zela artean Craongo lantegiaren jabe, eta beraz, ez zekiela kutsadurarik egon zenik.

2017ko abuztuan jaso zituzten lehen salaketak, eta horien harira egindako ikerketa batean izan zuten 2005eko kasuaren berri.  "Baliteke haurtxoek 2005etik kutsatutako esnea hartu izana", deitoratu du.

Kontrolen eraginkortasuna zalantzan jarri du

Lactaliseko presidenteak azaldu duenez, euren produktuen kontrol sanitarioak "erreferentziazko talde batek" egiten zituen, baina orain, gertatutakoa ikusita, fidagarriak ez zirela ondorioztatu du: "Ezin dugu ulertu. 2017an 16.000 analisi egin zituzten, bakar batek ere ez zuen positibo eman".

Besnierrek iragarri du Craongo lehortze dorrea itxiko dutela, bakteria berriro agertuko den beldur.

2017an kutsatutako esneaz galdetuta, Besnierrek aitortu du % 50 baino ez dutela merkatutik erretiratu. Era berean, iragarri du konpainiak "ehunka milioi" galduko dituela eskandalu horrengatik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak albisteak Espainia Frantzia berriak Gizartea Eguneko albisteak