Gizartea -
Desagerpena
Quiksilver konpainiako zuzendaria bilatzen ari dira Landetako kostaldean
Pierre Agnesek multinazionala Donibane Lohizuneko (Lapurdi) egoitzatik zuzentzen zuen. Astearte honetan, 07:30ean nabigatzera atera da, eta orduz geroztik, ez dute haren berririk.
Agentziak | Erredakzioa
Pierre Agnes Quiksilver kirol marka ezagunaren zuzendaria Landetako (Frantziako hego-mendebaldea) kostaldean bilatzen ari dira. Desagertuaren ontzia hutsik aurkitu dute gaur zonaldeko hondartza batean.
Landetako prefetak agiri batean jakitera eman duenez, 54 urteko Agnes 07:30ean nabigatzera atera da, eta orduz geroztik, ez dute haren berririk. Nabigatzera bakarrik edo norbaitekin atera zen ez dute oraindik baieztatu.
Salbamendu dispositiboan, bi ontzi eta hiru helikoptero erabiltzen ari dira. Hossegorretik abiatu dira.
“Itsasotik eta airetik bilatzen ari dira, Atlantikoko itsas agintariekin lankidetza estuan”, azaldu du prefetak.
30 urte Quiksilver konpainian
Agnesek ia 30 urte eman ditu Quiksilverren lanean, snowboard eta surf zaleentzako marka ospetsuan. Gainera, 2015etik Boardriders Inc konpainiako presidentea da. Taldeak Quiksilver, Roxy eta DC Shoes markak ditu. 28 herrialdetan presentzia du konpainiak.
Agnesek multinazionala Donibane Lohizuneko (Lapurdi) egoitzatik zuzentzen zuen. Agnes bera surflari profesional izandakoa da.