Gizartea -

EKINTZA HUMANITARIOA

UNICEFek 3.600 milioi dolar behar ditu 48 milioi haurri laguntzeko

% 84 inguru biolentzia eta gatazkaren ondorioz kaltetutako herrialdeetan lan egiteko da eta % 21a ura, saneamendua eta higienea ematera bideratzeko.

Siriako umeak. Argazkia: UNICEF
Siriako umeak. Argazkia: UNICEF
Siriako umeak. Argazkia: UNICEF

Ixone Arana | EiTB.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UNICEFek Haurrentzako Ekintza Humanitarioa 2018 txostena kaleratu du. Horren arabera, 3.600 milioi dolar behar dira larrialdi egoeran dauden 51 herrialdetako 48 milioi haurri laguntza humanitarioa emateko. Gaur egun lau umetik bat gatazkaren bat jasaten ari den herrialde batean bizi da.

2017a haurrentzako zorigaiztokoa izan da, eta ez dugu hori 2018an errepikatzerik nahi”, esan du Isidro Elezgarai UNICEF Euskal Herriko Batzordeko presidenteak. UNICEFen arabera, ume horiek, erasoen jomuga izateaz gain, oinarrizko zerbitzurik gabe daude, eskolak, ospitaleak eta azpiegitura zibilak oso kaltetuta baitaude, erasoen ondorioz.

“Larrialdi egoeretan haurrak beti dira talderik ahulena, biolentzia, esplotazio edo gaixotasun arrisku handiena pairatzen dutenak. Egoera txarrenetan, belaunaldi osoak euren oinarrizko osasun eta hezkuntza eskubide barik daude, etorkizunerako ondorio larriak izanik”, azaldu du Elsa Fuente UNICEF Euskal Herriko Batzordeko koordinatzaileak.

Haurrentzako Ekintza Humanitarioa 2018 txostenaren arabera, UNICEFek 3.600 milioi dolar (2.920 milioi euro) behar ditu 51 herrialdetako umeei ura, elikadura, heziketa, osasuna eta babesa emateko. Dirutza horren % 84 inguru biolentzia eta gatazken ondorioz laguntza humanitarioa behar duten herrialdeetan lan egiteko da, eta zatirik handiena Siriako gatazkan harrapatutako ume eta familientzat behar dute; izan ere, Elsa Fuenteren esanetan, “zeropeko tenperaturak dituen muturreko klima bati egin behar diote aurre, oso baldintza txarretan”.

Bestalde, horren zati bat (% 21 inguru) ura, saneamendua eta higienea hobetzeko lanetara bideratuko dute, uraren bitartez transmititzen diren gaixotasunak mehatxu handia baitira toki horietan bizi diren umeentzat. Hori ur eta saneamendu azpiegituretara egindako erasoen eta horretarako tokirik ez duten lekuetara nahitaez desplazatu behar izanaren ondorioa da, askotan ur kutsatuaren eta saneamendu arriskutsuen mende baitaude.

UNICEFek 2018an bere aliatu eta dohaintza emaileekin elkarlanean jarraituko du hurrengo helburuekin:

- 35,7 milioi pertsonarentzat ur edangarrirako sarbidea

- 4,2 milioi haurrentzat desnutrizio larriaren aurkako tratamendua

- 10 milioi haur elgorriaren aurka txertatu

- 3,9 milioi haurri laguntza psikosoziala eskaini

- 8,9 milioi haurrentzat hezkuntza sarbidea

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gerra Siria Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa Haurtzaroa albisteak Giza eskubideak Gosetea Gobernuz kanpoko erakundeen albisteak Siria