Gizartea -
TERRORISMO jihadista
Ustezko terrorista jihadista bat atxilotu dute Bartzelonan
Talde terroristaren ideiekiko atxikimendu handia zuen, eta Europan atentatuak egiteko gaitasuna zuela uste du Polizia Nazionalak.
Agentziak | Erredakzioa
Erradikalizatuta omen zegoen ustezko terrorista jihadista bat atxilotu du Polizia Nazionalak Terrassan (Bartzelona), Daesheko bideoak eta propaganda kontsumitzen baitzuen. "Ahal duenak zerbait egin dezala, Siriara joaten uzten ez dietenei sei edo zazpi espainiar hil ditzala", esan zuen publikoki atxilotuak.
Barne Ministerioak jakinarazi duenez, atxilotuak 45 urte ditu eta marokoarra da. Bartzelonako eta Cambrilseko (Tarragona) atentatuak goretsi zituen, eta berak furgoneta handi bat balu atentatuak egingo lituzkeela adierazi zuen.
Polizia-operazioari esker, mehatxua "azkar neutralizatu" dute; izan ere, talde terroristaren ideiekiko atxikimendu handia zuen eta Europan atentatzeko gaitasuna zuela uste dute.
"Mujahidin" gisa aurkezten zuen bere burua, eta damututa zegoen ez zelako joan Siriara jihad edo gerra santua egitera. Bestalde, profil apala zuen, Mendebaldeko herritarrak bezala janzten baitzen, erradikaltasun zantzurik gabe, eta ez zen meskitara joaten bere burua ez nabarmentzeko.
Bartzelonako Argibideetako 4. Epaitegiak gidatu eta Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak koordinatu duen operazioa ez dute oraindik bukatutzat eman.