Gizartea -
Hezkuntza
2018-2019 ikasturterako onarpen irizpide berriak
Hezkuntza Sailak aldatu egin du ikastetxe batean sartzeko eskaera kopurua eskaintza baina handiagoa den kasuetan baremorako ematen den puntuazioa.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aldatu egin ditu 2018-2019 ikasturterako baremorako puntuazioa eta irizpideak. Aurrematrikulazioa urtarrilaren 29tik otsailaren 9ra arte egin ahalko da.
Ikastetxe batean sartzeko eskaera kopurua eskaintza baino handiagoa den kasuetan egiten da baremazioa. Puntuak banatzen dira ikaslearen eta familiaren egoeraren arabera.
Irizpide batzuetan puntuazioa aldatu egin du Sailak, eta irizpide berriren bat gehitu ere bai:
-Familia errentagatiko puntuazioa. Irizpide horregatik eskura daitekeen gehienezko puntuazioa 3 puntukoa izan beharrean, puntu eta erdikoa (1,5) da orain. Aldaketak mesede egingo dio errenta ertain eta altua duten familiei.
-Familia-harrera kasuetan. Baremorako irizpideen artean atal berri gisa sartu da ikaslearen familia-harrerako egoera. Puntu 1 emango zaio.
-Kooperatibista izateagatik edo OOGak ezarritako beste egoera batzuengatik. Ikastetxe bateko bazkide kooperatibista izateagatik familiei ematen zaien puntuazioa, puntu bakarra izatetik puntu erdia (o,5) izatera jaitsi da. Era berean, ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak edo Eskola Kontseiluak ezarritako beste egoera adierazgarri batzuengatik eman izan dena ere, erdira jaitsi da, 2 puntutik 1era.
-Bizilekua EAEn izateagatik. Bizilekuaren hurbiltasunaren irizpidean, azpiatal berria sortu du Hezkuntza Sailak. Puntu erdi (0,5) emango zaio ikasleari, bizilekua EAEn izan baina eskatutako ikastetxearen eragin-eremutik eta eremu mugakidetik eta eskatutako ikastetxearen udalerritik kanpo badauka.
Ez da aldaketarik puntuazioan, honako irizpide hauetan: bizilekuaren hurbiltasunagatik (ez eragin-eremuagatik, ez eremu mugakideagatik eman ohi den puntuazioan; hurrenez hurren, 5 eta 2 puntu), ikastetxean matrikulatutako neba-arrebengatik (9 puntu), familia ugariagatik (puntu 1) edo desgaitasunagatik (2 puntu).
Horrez gain, iaz bezala, eta bizilekuaren hurbiltasunagatik ematen den puntuazioa dela-eta, Hezkuntza Sailak gogorarazi du erroldatze-egiaztagirien gaineko kontrolak egiten jarraituko duela, agiri horien erabilera irregularrik gertatu ez dadin.