Gizartea -
Bigarren bisita eguna
Aita Santuak Bartzelonako Familia Santua basilika izendatu du
Espainiako errege-erreginak XVI. mendeko kodex bat oparitu diote, eta Benedikto XVI.ak haiei liburu bat. Gaudiren eraikinean emandako mezan 8.000 lagun izan dira, eta beste 50.000 kanpoaldean.
Erredakzioa
Benedikto XVI.a aita santuak Bartzelonako Familia Santua sagaratu du, eta ''basilika'' izendatu. Horren sortzailea, Antonio Gaudi arkitektoa, beatifikatu egingo dutela aurreratu dute bertan.
Meza hasi aurretik, Espainiako errege-erreginak hamabi minutuz bildu dira Aita Santuarekin Familia Santuko Museoaren Aretoan. XVI. mendeko kodex bat oparitu diote, eta Benedikto XVI.ak haiei Aita Santuen historiari buruzko liburu bat.
Ondoren, Benedikto XVI.ak meza eman du Gaudiren eraikinean 8.000 lagunen aurrean; kanpoan 50.000 fededun gehiagok jarraitu dute, kalean jarri dituzten pantaila erraldoien bidez.
Santiago bisitatu zuen atzo
Aita Santuak Santiago bisitatu zuen atzo, 2010 Urte Santuaren ospakizunetan parte hartzeko. Espainian II. Errepublikaren garaian izandakoaren antzeko "antiklerikalismoa" bizi dela salatu zuen Galiziako hiriburuan, eta, horri aurre egiteko, "ebangelizatzea" beharrezkoa dela adierazi zuen.
Espainian, "30eko hamarkadan gertatu bezala, laikotasun, antiklerikalismo eta sekulartasun indartsu eta sutsuak agertu dira", esan zuen Aita Santuak, eta "fedearen eta modernitatearen arteko borroka hori, gaur egun oso bizia da", gaineratu zuen.