Gizartea -

EPAIA

'Distantziak' zaintza partekatua 'bateraezin' bihurtzen duela ebatzi du Gorenak

Auzitegi Gorenaren epaiak jurisprudentzia ezarri du gai honetan, eta baliogabetu egin ditu Gipuzkoako Auzitegiak adingabe batentzat erabakitako erregimena.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Distantziak zaintza partekatua zaildu eta bateraezin bihurtzen du, adingabearen bizitzan distortsioa eta aldaketak eragiten dituelako", adierazi du Auzitegi Gorenak orain dela gutxi erabakitako ebazpen batean. Jurisprudentzia ezarri du gaiaren inguruan.

Hala, Auzitegi Gorenaren testuak bertan behera utzi du Donostiako lehen auzialdiko epaitegiak eta Gipuzkoako Auzitegiak banaketa-demanda baten inguruan hartutako erabakia. Hasieran batean, bikotearen umeak 15 egun amarekin (Jerez de la Fronteran, Cadizen) eta beste 15 aitarekin (Errenterian) bizitzea erabaki zuten, batetik bestera 1.000 kilometro baino gehiagoko distantziarekin.

Epaia eragin duen kasua

Epaiaren arabera, internet bidez elkar ezagutu eta 2013ko ekainean ezkondu ziren. Handik urtebetera ume bat izan zuen bikoteak. Harremana amaitu ostean, ama "behin-betiko" joan zen Cadizera bizitzera: "Han bizi zen harramena hasi aurretik, eta han bizi da haren familia".

Haurraren zaintza eta kustodia esklusiboa eskatu zuen emakumeak 2016an jarritako banaketa-demandan; gizonak, berriz, zaintza partekatua eskatu zuen. Orduan, behin-behineko neurriak ezarri zituen epaile batek, 15 egun amarekin eta beste 15 aitarekin egon zedin erabakita.

Ondoren, lehen auzialdiko epaitegiak hiru astera luzatu zuen umeak toki batean eta bestean bizi beharreko epea, 2019-2020 ikasturtean derrigorrez eskolara joateko garaia iritsi arte. Erabaki hori Gipuzkoako Auzitegiak baieztatu zuen.

Orain, aldiz, Auzitegi Gorenaren ebazpenak amari eman dio kustodia, Fiskaltzaren irizitziarekin bat eginez, "ezin delako haurra bi ikastetxetara eta bi osasun-zentrotara eraman". Horrez gain, Gorenaren aburuz, adingabeak ezin ditu hiru astetik behin 1.000 kilometroko bidaiak egin.

Horrenbestez, "umearen interesa" defendatu du Gorenak, "ingurune egonkorra" behar duelako. Antza denez, "aitak amari bidalitako mezu batean ere onartu zuen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena albisteak Gizartea bideoak Errenteria albisteak Eguneko albisteak