Gizartea -
Homilia Santiagon
Espainia 'birrebanjelizatzea' eskatu du Aita Santuak
Antiklerikalismoaz gain, Ratzingerrek erlijio esparru pribatura baztertzeko nahia salatu du, eta Europa Jainkoaren bila "beldurrik gabe" atera dadila eskatu du.
Erredakzioa
Espainia II. Errepublikan izandako antzerako "antiklerikalismoan" bizi dela salatu du Aita Santuak Santiagon, eta horri aurre egiteko "birrebanjelizazio" prozesua beharrezkoa ikusten duela adierazi du.
Benedikto XVI.a Galiziako hiriburuan izan da Urte Santua ospatzeko. Bertan hainbat ekitaldi egin ditu milaka fededunen begiradapean. Hala ere, Santiagon 200.000 pertsonatik gora bilduko zirela esaten zuten aurreikuspenak ez dira bete.
Espainian, "30eko hamarkadan gertatu bezala, laikotasun, antiklerikalismo eta sekulartasun indartsu eta sutsuak" agertu direla ohartarazi du Aita Santuak eta "fedea eta modernitatearen arteko borroka hori, gaur egun era oso bizian" ematen ari dela gaineratu du.
Gobernua, "harrituta"
Benedikto XVIak zuzendutako mezu honen inguruan polemikarik sortzea ekidin du Gobernuak. Hala ere, harrituta agertu dira gaur egungo Espainia eta II. Errepublikaren garaikoaren artean egindako konparazioarengatik.
Cayo Lara Ezker Batuako koordinatzaile nagusiak, bestalde, Aita Santuaren hitzei erantzun nahi izan die. Lararen ustez, Eliza bera da iraganeko pentsakerari eusten dion erakundea, Frankismoaren garaiko ideiak ez baititu oraindik baztertu.