Gizartea -
NAFARROA
Animaliekiko bortizkeria inauterietan ere legez kanpokoa dela gogorarazi du Poliziak
Ituren eta Zubietan hildako animaliak erakutsi zituztela eta, hainbat salaketa jaso zituen iaz Foruzaingoak bere Twitter eta Facebook kontuetan. Aurten adi egongo direla ohartarazi dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Animalien kontrako indarkeria debekatuta dagoela inauterietan ere gogorarazi du Foruzaingoak ohar baten bidez; eta horregatik, festa horiek ospatzen diren herrietan gertatzen dena zainduko dutela jakinarazi dute.
Iaz hainbat kexa jaso zituzten Twitter eta Facebook kontuetan, Zubietan eta Iturenen kuadrila batzuk hildako animaliekin ibili zirela salatuz eta hainbat bisitarik animalia horien odolarekin zikindu zituztela salatu zuten. Hori dela eta, ikerketa ireki zuten.
Ikerketa horren harira, Iturengo alkateak esan zuen hurrengo urteetan ez zutela horrelakorik onartuko.
Animalia basatiak eta horien bizilekuak babesteko Foru Legearen zortzigarren artikuluaren arabera, debekatuta dago animalia basati bizidunen, hildakoen eta gorpuzkien jabetza, naturalizazioa, trafikoa eta salerosketa, inportazioa, esportazioa eta erakusketa barne.