Gizartea -
Euskal diaspora
Boiseko euskal mural handia ordezkatu egingo dute
Irudiak 18 urte ditu eta hondatzen hasita dago. Mural berria orijinala egin zuten artista berdinek margotuko dute.
EITB.EUS
Euskal Herriko tradizioak biltzen dituen Boiseko murala hondatzen hasi da eta zati batzuk erori egin zaizkio. Hori dela eta, Udalak irudia ordezkatzea erabaki du.
Egungo murala ordezkatzeko plana joan den astearteko bilkuran onartu zuen Boiseko Udalak, Idaho Statesman komunikabideak jakinarazi duenez.
Hormako irudi berria orijinala egin zuten artistak berdinek margotuko dute. Hori bai, mural berria txikiagoa izango da (metro bateko luzera eta hiru metroko zabalera, gutxi gorabehera), dirua aurrezteko, Josh Olson Boiseko Arte eta Historia Departamentuko ondare kulturalen programaren zuzendariak azaldu duenez.
Bill Huego eta Noel Weber margolariek egingo dute mural berria. Orijinala duela 18 urte egin zuten eta Boiseko hiriari dohaintzan eman zioten. Obrak bi metro eta erdiko luzera eta 14 metroko zabalera dauka. Anduiza frontoiaren atzealdean dago.
Horrez gain, eskaneatutako irudi bat Boiseko Euskal Museoaren esku utziko dute, mural orijinala kentzen dutenean, bertsio handiago bat erreproduzitzeko bertan.
Bill Huego eta Noel Weber 'Thel Letterheads' taldeko kideak dira. Ameriketako Estatu Batuetako hirietan barrena bidatzen dute, horma-irudiak margotuz.
Boisen hiru egin zituzten 2000. urtean: horietako bat Hannifans Cigarren dago; bestea, Adelmann eraikinean; eta hirugarrena, euskal murala, Grove kalean.
Eitb.eus-eko Basque Identity 2.0 blogaren arabera, euskal nortasunaren eta euskal komunitatearen erakusgarri diren sinboloen indarraren adibidea da Boiseko murala.
Hainbat elementu agertzen dira bertan: baserri bat; Pablo Picassoren 'Gernika' obraren zati bat; Gernikako Arbola; Uberuaga/Agirre pentsioa (1903an ireki zuten Boisen); Juanita Uberuaga Hormaetxearen (euskal dantzen irakasle aitzindaria 1940ko hamarkadan) erretratua; Oinkari dantza taldea; Jim Jausoro (Oinkari taldeko akordeoi-jolea, 1947tik 2005era); harrijasotzaile bat; eta artzain bat ardiak zaintzen, Ameriketara joan ziren euskal migratzaileen gehiengoaren eginkizuna.