Gizartea -
Bilbo
Hirugarren adingabe bat atxilotu dute Otxarkoagako krimenarekin zerikusia duelakoan
Susmagarriak 16 urte ditu eta bere burua entregatu du Zabalburuko polizia-etxean. Nerabea Deustuko polizia-etxera eraman dute ondoren. Adingabeen fiskalak astearte honetan galdekatuko du.
eitb.eus
Bilboko Otxarkoaga auzoan izandako hilketarekin lotuta hirugarren pertsona bat atxilotu dute, EiTBk jakin ahal izan duenez. Susmagarriak 16 urte ditu eta Bilbon atxilotu dute.
Atxilotuak bere burua entregatu du Zabalburuko polizia-etxean, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez. Nerabea Deustuko polizia-etxera eraman dute ondoren. Bertan pasako du gaua eta astearte honetan Adingabeen fiskalak galdekatuko du.
Antza denez, atxilotua biktimen etxebizitzatik gertu bizi zen eta ez du aurrekaririk.
Biktimen etxean odoleztaturik aurkitu duten labana bat aztertzen ari da Ertzaintza, EiTBk jakin ahal izan duenez.
Bestalde, igandean atxilotu zituzten 14 urteko mutilak Zumarragako (Gipuzkoa) zentrora eraman dituzte gaur, Adingabeen Fiskaltzak hala aginduta, ikerketaren iturriek zabaldu dutenez.
Atxiloketak atzo egin zituzten, Balmasedan eta Bilbon. Gaua Ertzaintzaren komisarian igaro dute eta eguerdian Adingabeen Fiskaltzaren egoitzara eraman dituzte. Indarkeria eta beldurra erabilita lapurretak egiteagatik aurrekariak dituzte.
Joan den ostegunean, 15:00ak aldera, 87 urteko senar-emazteen hilotzak topatu zituzten Otxarkoagako etxebizitza batean. Buruan eta aurpegian hainbat kolpe zituzten eta etxean dena nahasia zegoen. Hori dela eta, hipotesi nagusia da indarkeriaz egindako lapurreta batean hil zituztela biak.