Gizartea -

Hezkuntza

2018-2019 ikasturterako aurrematrikula epea urtarrilaren 29an irekiko da

'Handitzen, handitzen... mundua eskura izateko' lelopean, Cristina Uriarte Eusko jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak aurkeztu du kanpaina gaur goizean.

Cristina Uriarte, Eusko jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. EFE
Cristina Uriarte, Eusko jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. EFE
Cristina Uriarte, Eusko jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018-2019 ikasturtean unibertsitatekoa ez den hezkuntzan aurrematrikula egiteko epea urtarrilaren 29tik otsailaren 9ra arte egongo da zabalik. Internet bidez eginez gero, egun bat lehenago amaituko da epea, otsailaren 8an.

Cristina Uriarte Eusko jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak gaur goizean eman du Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aurrematrikula egiteko kanpainaren berri, "Handitzen, handitzen…mundua eskura izateko" lelopean.

Ikastetxeren batean sartzeko eskaria eskaintza baino handiagoa denean ezartzen diren neurriak aldatu egingo dituzte aurten, Uriartek azaldu duenez.

Familiaren urteko gehienezko errentari dagozkion puntuazioak behera egingo du, 3tik 1,5era. Familia-harrera kasuetan ere kontuan izango dute (puntu 1).

Kooperatibista izateagatik edo OOGak ezarritako beste egoera batzuengatik, puntuazioa bitik batera jaitsi da. Puntu erdi (0,5) emango zaio ikasleari, bizilekua EAEn izan baina eskatutako ikastetxearen eragin-eremutik eta eremu mugakidetik eta eskatutako ikastetxearen udalerritik kanpo badauka.

Ez da aldaketarik puntuazioan, honako irizpide hauetan: bizilekuaren hurbiltasunagatik (ez eragin-eremuagatik ez eremu mugakideagatik eman ohi den puntuazioan), ikastetxean matrikulatutako neba-arrebengatik, familia ugariagatik edo desgaitasunagatik.

Aurten berriro ere, eta bizilekuaren hurbiltasunagatik ematen den puntuazioa dela-eta, Hezkuntza Sailak erroldatze-egiaztagirien gaineko kontrolak egiten jarraituko du, agiri horien erabilera irregularrik gertatu ez dadin.

"Iruzurra" erroldatze ziurtagirietan

Ikastetxe jakin batean plaza lortu ahal izateko, erroldatze ziurtagirietan egiten den iruzurra aipatu du Uriartek. Hezkuntza Sailak erroldatze-egiaztagirien gaineko kontrolak egiten jarraituko du, agiri horien erabilera irregularrik gertatu ez dadin.

Hezkuntza sailburuak azaldutako datuen arabera, joan den ikasturtean 20.000 ume matrikulatu ziren Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta 464 eskari ikuskatu zituzten. 69 kasutan puntuak kendu zituzten, ohikoa ez den etxebizitza bateko erroldatze ziurtagiria aurkezteagatik. Aurreko urtean, berriz, 100 baino gehiago izan ziren.

Eskarien zerrenda otsailaren 20an argitaratuko dute; behin-behinean esleitutako plazak, ordea, martxoaren 1ean. Martxoaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira erreklamazioak.

Behin-betiko zerrenden berri martxoaren 22an emango dute, eta apirilaren 23ra arte egongo da zabalik helegitea jartzeko epea. Apirialaren 11n, bigarren eta hirugarren aukeren zerrendak izango dira ikusgai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Eguneko albisteak Hezkuntza sistemako albisteak