Gizartea -
Arkeologia-aztarnategia
Auzia artxibatzeko 'nahikoa arrazoi' daudela ziurtatu du SOS Iruña-Veleia plataformak
Horrela, Eliseo Gil Arabako arkeologia-aztarnategiko zuzendari ohiaren aurka zabaldutako auzia artxibatzea eskatu du plataformak.
Agentziak | Erredakzioa
Eliseo Gil Iruña-Veleia arkeologia-aztarnategiko zuzendari ohiaren aurka zabaldutako auzia artxibatzea eskatu du SOS Iruña-Veleia plataformak, horretarako “nahikoa arrazoi” daudelako. Grafito historiko batzuk faltsutzea leporatzen diote Gili.
Arabako Lurralde-auzitegiak aztarnategiko zuzendari ohia, Lurmen enpresako langile bat eta kolaboratzaile bat iruzurragatik eta kalteagatik epaitzeko zantzuak daudela baieztatu eta astebete geroago, plataformako kideek agerraldia egin dute gaur.
Aurkikuntzak Lurmenek egin zituen 2005 eta 2006 artean, Iruña Veleian, Langraiz Okatik (Araba) gertu dagoen aztarnategi erromatarrean.
Gilek eta bere lantaldeak aurkikuntza historikotzat jo zituen orduan, besteak beste, euskararen agerraldia eta Kristautasunaren sarrera III. mendera aurreratzen zituelako.
2008ko bukaeran Arabako Aldundiak, aztarnategiaren jabeak, Lurmenen aurkako salaketa aurkeztu zuen, aurkikuntzak faltsuak zirela iritzita. Iragan maiatzean Gasteizko Argibideetako 1. Epaitegiak hiru auzipetuen aurkako epaiketa abiatzeko zantzu nahikoak ikusi zituen.
Fiskaltzak eta Arabako Aldundiak auzi judizialarekin jarraitzea edo artxibatzea eskatu dezakete orain. Erabaki horren zain, SOS Iruña-Veleia plataformak auzia artxibatzea eskatu du gaur, Lurralde-auzitegiak “iruzur delitu eta ondarea aberasteko ordezkatzearen behin-behineko artxibatzea erabaki zuen, zantzurik ikusten ez duelako”.
Idoia Filloy aztarnategiko zuzendarikide ohiak, Koenraad Van den Driessche geokimikariak eta Martin Elexpuru filologoak prentsaurrekoa eman dute Gasteizko hiritar-zentro batean. Eliseo Gil publiko artean egon da, baina ez du hitzik hartu.
Txostenak
Grafitoak benetakoak direla berretsi eta faltsutzearen frogarik ez dagoela ziurtatu dute plataformako hiru kideek. Hala ere, Aldundiak eskatutako sei txostenek faltsutzea baieztatu zutela onartu du plataformak, baina “Lurmenek kontrakoa esaten duten beste 20 txosten aurkeztu” zituela gogorarazi du.
Gainera, gai penaletarako epaitegi bat grafito batzuen faltsukeri edo benetakotasunaren inguruan erabakitzeko organorik egokiena ez dela adierazi dute plataformako hiru kideek, gai “zientifikoa besterik ez delako”.
“Zeintzuk dira akusazioaren frogak? Faltsutzeak ustez egin zituen tailerra aurkitu al dute? Ezer ere ez”, kritikatu dute.