Gizartea -
Akordioa
Jaiotza-tasa igotzeko ituna sinatzeko dute EAEko erakundeek
Planak jasotzen duenez, bigarren seme-alabagatik jasotako laguntzak urtean hiru izango dira, ez bi, orain arte bezala; horrek urtean 5 milioi euroko inbertsioa eskatuko du.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak Familia eta Haurren Ituna sinatu dute ostegun honetan. Besteak beste, aipatutako planaren aurreikuspena da bigarren seme-alabagatik jasotako laguntzak urtean hiru izatea, ez bi, orain arte bezala. Horrek urtean 5 milioi euroko inbertsioa eskatuko du. Izenpetutako itunaren xedea da koordinatutako politika-ekintza bultzatzea, Euskadiko jaiotza-tasa baxuak igoarazteko, eta seme-alabak dituzten familiei laguntza ematea.
Erakunde sozialetako eta hirugarren sektoreko hainbat ordezkari bertan egonda, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano ahaldun nagusiek, EUDELeko presidente Imanol Landak, Beatriz Artolazabal Enplegua eta Gizarte Politiketarako sailburuak eta Iñigo Urkullu lehendakariak abenduaren 20an Familiaren Euskal Kontseiluak onartu zuen akordioa sinatu dute.
Urkulluk, hitz egin duenean, eskerrak eman dizkie erakundeei eta familiaren eta haurren eremuetan lan egiten duten taldeei, "egindako ekarpenengatik, eta, halaber, guztion arteko lanerako jarreragatik"; izan ere, ituna, erakundeentzat eta gizartearentzat, "epe luzerako konpromisoa da; gure helburua da Euskadiko familiei eta haurrei laguntzea; horixe da bultzatu nahi dugun ondasun komuna", nabarmendu du.
Azaldu duenez, partekatutako diagnostiko bat du ardatz itunak, eta koordinatutako politiken helburua da aurre egitea jaiotze-tasa baxuei; izan ere, hainbat lagunek oztopoak dituzte familia-proiektua abiatzeko, eta nahi duten seme-alaben kopurua izateko.
Ildo horretan, gogorarazi du Euskadin 18.000 ume jaiotzen direla urtean, batez besteko amatasun-adina 33,4 urtekoa dela, eta emankortasun-tasa, berriz, 1,39koa.
Halaber, Urkulluk azpimarratu du zaila dela, seme-alabak eta arazo ekonomikoak dituzten familientzat, seme-alabei ez uztea oinordetzan arazo ekonomiko horiek.
"Errespetua, berdintasuna, aitortza, elkartasuna eta autonomia", itunaren balioak
Urkulluk zehaztu du zeintzuk diren itunaren oinarrizko balioak: hain zuzen, "errespetua, berdintasuna, aitortza, elkartasuna eta autonomia" aipatu ditu. Haren esanetan, familia bakoitzak askatasun osoa izango du erabakitzeko bere familia-proiektua zein den; gainera, familia-mota guztiek izango dute berdintasunezko trataera, aniztasuna errespetatuz.
Planak, horrez gain, emakumezkoentzako eta gizonezkoentzako aukeren berdintasunaren alde egiten du, aitortzen du familia dela belaunaldien arteko elkartasuna bermatzeko eragileetako bat, eta adierazten du familiak babesten dituela askatasun- elkartasun-, errespetu-, tolerantzia-, aniztasun-, parte-hartze- eta elkarbizitza-balioak.
Bazterketa arriskuan dauden familiekiko elkartasuna islatzen du, gainera, eta familien barneko kide guztien autonomiaren egin; azken horretarako, garapen pertsonal osoa hartzen du kontuan.
Lehendakariaren esanetan, jaiotze-tasak gora egitea eta seme-alabak dituzten familientzako laguntzak igotzea "herrialde-mailako helburua da"; nabarmendu duenez, Familia eta Haurren aldeko Itunak "Europara gerturatzen gaitu, gure politika sozialak Europako erakundeek bultzatutako inbertsio sozialaren eredura moldatzen baititu".
"Eredu berri horren ezaugarria da orain arteko politikek erreparazioa izan dutela oinarria, eta hemendik aurrerakoek, aldiz, prestaketa izango dutela", azaldu du. Urkulluk esan ere esan du Euskadiren erronka dela, gizartearen zahartzeari aurre egiteko eta jaiotze-tasa igotzeko, gizarte-, kultura- eta ekonomia- politikak garatzea.
Bigarren seme-alabagatik jasotako laguntzak, urtean hiru
Lehendakariak jakitera eman du ituna familiei eta haurrei laguntza emateko plan batean gauzatuko dela; urteko lehen hiruhilekoan onartuko dute plan hori. Besteak beste, ondorengo neurria dago aurreikusita: bigarren seme-alabagatik jasotako laguntzak hiru izango direla urtean, ez bi, orain arte bezala. Horrek ekarriko du urtean 5 milioi eurorainoko inbertsio gehigarria.
Ekintza, konpromiso eta aurrekontu espezifikoak abiatuko dituzte, Familiak Babesteko IV. Planaren barnean; "horixe izango da gaur hartutako konpromisoetan aurrera egiteko ibilbidea zehazten duen agiria".
Euskal erakundeek gutxieneko baliabide ekonomikoak utziko dituzte seme-alabak dituzten familien esku, haur-pobrezia prebenitzeko, familia-aniztasuna errespetatuz; gainera, laguntza emango dute gurasoek seme-alabei behar den denbora eskaintzeko, gizarte-denbora ondo antolatuz eta guztien arteko antolakuntzaren alde eginez.
Gazteen emantzipazioa bultzatuko dute, halaber, bai eta bizitza-proiektu autonomoak, familia-unitate berriak eratzeko asmoarekin, eta bermatzeko familia-unitate horiek, hala nahi izanez gero, seme-alabak izan ditzaten.
Horrez gain, amatasun eta aitatasun positiboaren programak sendotuko dituzte, bai eta haur-osasunenak, gatazkak prebenitzekoak eta familia-bitartekaritzari buruzkoak; xedea da sendotzea gurasoen gaitasunak, hezkuntza-arloan ere. Ume guztiek eskuragarriak diren haur-arretako kalitatezko zerbitzuak jasotzea nahi dute bermatu, eta, beste xedeetako bat da hezkuntza-politikak berriz bideratzea; eskola-sistema aseguratu beharko luke ekitatea, eta desabantaila-egoeran dauden ikasleen alde egin beharko luke.
Erakundeak saiatu ere saiatuko dira bermatzen haurrek eta gazteek aukera izatea, baldintza-berdintasunean, baliabide guztietarako sarbidea izateko (hezkuntza- eta gizarte-mailakoak, kiroletakoak, kulturalak…); halaber, guztien artean egindako lanaren alde egingo dute, hainbat arlori eragiten baitie politika horiek.
Eragile pribatuen sentsibilizazioa ere bultzatuko dute, batez ere lan-harremanetan dabiltzan eragileena: sindikatuenak eta enpresa-elkarteenak, besteak beste; eta familia- eta haurrentzako politikak zuzentzeko modua hobetzeko apustua egingo dute.
"Itun honen bidez, herrialdeko erronkari erantzun nahi zaio, eta konpromiso publikoa dakar; familiek giza harremanaren, gizarte-hezkuntzaren, hezkuntza afektiboaren eta komunitarioaren nukleo gisa duten garrantzia aitortzen du. Familia-proiektu bat bizi-baldintza onenetan egitearen aldeko apustua egiten du, eta erronka demografikoan eta gazteen aldeko apustuan zentratzen da, kontuan izanik Euskadiren gure etorkizuneko ikuspegian lehentasun partekatua dela", esan du, amaitzeko, lehendakariak.