Gizartea -
Donostiako Danborrada
Segurtasun plana prest, 2018ko San Sebastian eguna ospatzeko
Segurtasun arazoren bat ikusten bada, 112 edo 092 telefonoetara deitzeko, edo zuzenean kalean egongo diren agenteei zuzentzeko eskatzen diete hiritarrei.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak segurtasun plan berezia adostu dute larunbaterako, San Sebastian egunerako, danborradak eta programatutako ekitaldi guztiak jai giroan ospatzeko.
Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziaren hitzetan, oso garrantzitsua da segurtasun arazoren bat ikusten bada 112 edo 092 telefonoetara deitzea edo kalean egongo diren agenteengana jotzea ahalik eta azkarren.
Era berean, etxera itzultzeko, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen dute, eta oinez itzultzea erabakiz gero, ibilbidea lagunekin egitea, bide jendetsu eta argitsuenetik itzultzea, eta gauean ezagutu diren pertsona ezezagunekin ez fidatzeko gomendatu dute.
Bestalde, horien esanetan, adi egon behar da egun hauetan gora egiten duen delinkuentzia mota batekin; diru-zorroen, sakelako telefonoen eta beste hainbat objektu txikiren lapurretekin, hain zuzen. Beti bistan eramateko eskatu dute.
Halaber, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak gogorarazi dute debekatuta dagoela 18 urtez azpikoei alkoholdun edariak saltzea, edaten ematea edota eskuratzea, eta adinez nagusi direnei gomendioa ematen diete: arduraz kontsumitzeko, edan badute autoa ez hartzeko, eta egunez zein gauez garraio publikoa erabiltzeko.
Era berean, auzotarren atsedena errespetatzeko ere eskatu diete herritarrei, eta behar ez den zaratarik ez egiteko. Izan ere, horrela ere goza daiteke festaz, beste hainbat pertsona lo egiten eta atsedena hartzen ari diren bitartean.