Gizartea -
Iruña
22 urteko espetxe-zigorra, bost neskatilari sexu-erasoa egiteagatik
Zigortutako laguna Pablo O.O. da eta biktimak 11 eta 16 urte arteko neskatoak. Adingabeak euren etxeetako atarian sartzerakoan atzetik heldu eta mehatxupean ukituak egin zizkien.
Erredakzioa
22 urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizonezko bati, lau neskatilaren aurkako sexu-erasoak burutzea leporatuta eta bosgarren bat egiten saiatzeagatik, Iruñean. Horrez gain, biktimei 51.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die eta espetxetik atera eta hurrengo sei urteetan biktimekiko urruntze-agindua izango du.
Fiskaltzak 29 urteko espetxealdia eta 61.500 euroko indemnizazioa eskatzen zuen. Bi aldeak, defentsa eta akusazioa, akordio batera heldu dira.
Erasoak iaz jazo ziren, otsaila eta abuztua bitartean, Errotxapea eta Buztintxuri auzoetan. Jarduteko modua berdina izan zen bost kasuetan: umeak euren etxeko atarira sartzerakoan atzetik heldu eta mehatxupean ukituak egiten zizkien. Labanak edo bihurkinak erabiltzen zituen neskatilei mehatxu egiteko. Lau alditan erasoak azkeneraino eraman zituen; bosgarren kasuan, berriz, adingabea oihuka hasi zen eta, norbait agertuko zenaren beldurrez, erasotzaileak ihes egin zuen. Epaiketa azkenean ez da egin. Akusatuak aipatu erasoen erantzulea dela onartu eta damua agertu duenez, bi aldeak akordio batera iritsi dira. Defentsaren arabera, auzipetuak hitza hartu du "biktimei eta gizarteari barkamena eskatzeko". Bera buruagatik "lotsa" sentitzen duela eta neskatoek bere aurkako salaketa jarrita "egin behar zutena egin dutela" azpimarratu du.