Gizartea -
Ikerketa
Urrengoetxea ostiko bat jaso eta asfaltoaren kontra kolpea hartuta hil zela uste dute
Bi adingabe atxilotuak gertakarian inplikaturik dauden bakarrak direla azaldu du Ertzaintzak.
Agentziak | Erredakzioa
“Baliteke” Ibon Urrengoetxea Urren buruan ostiko bat jaso eta errepideko asfaltoaren aurka kolpe handia hartu ondoren hil izana, Ertzaintzak jakitera eman duenez. Bi adingabe atxilotuak Zornotzako futbol jokalari ohiaren heriotzan inplikaturik dauden bakarrak direla azaldu dute ertzainek.
Josu Gotzon Lujua Ertzaintzaren Bizkaiko buruzagiak eta Ramon Bañuelos Ikerketa Kriminaleko arduradunak prentsaurrekoa eman dute Erandioko (Bizkaia) polizia-etxean.
Abenduaren 23an, gertakariaren berri izan ondoren ikerketa abiatu zutela esan du Bañuelosek. Lekukoen testigantza jaso eta “gertakariak berritzea” lortu zuten. Horrela, “erasotzaileek ihes egiteko erabili zituzten bideen” berri izan zuen Ertzaintzak, gaineratu duenez.
Herritarren laguntza “erabakigarria” izan da
Zentzu horretan, herritarren laguntza “gertatutakoa argitzeko erabakigarria” izan dela azpimarratu du buruzagiak. “Hipotesi nagusiaren arabera”, erasotzaileak “aukerako biktimaren” bila joan ziren eta Urren “mugikorrarekin distraiturik” zegoen.
Bi adingabeak hurbildu zitzaizkion eta elkarrizketa hasi zuten “borroka” gertatu zen arte. Orduan adingabe “garaienak ostikada eman zion Iboni buruan”, lekukoek ikertzaileei azaldu dietenez.
Ostikoaren ostean, Ibon atzeraka erori zen eta asfaltoaren aurka kolpe handia hartu zuen. “Litekeena da” kolpeak heriotza eragitea, “ez zen lesio eta eraso gehiagorik izan”. Lekukoak gerturatu ziren eta erasotzaileek Alde Zaharrera ihes egin zuten.
Inplikatu bakarrak, "ehuneko ehunean"
Ikerketari esker ustezko egileak identifikatzea lortu zuten: 13 eta 16 urteko bi adingabe. Informazioaren berri eman zioten argibideetako epaitegiari, eta honek auzia Adingabeen Fiskaltzaren eta eskumena duen auzitegiaren esku uztea erabaki zuen.
Bañuelosen ahotan, bi adingabeak dira inplikatu bakarrak, “ehuneko ehunean”. Ez zioten lapurreta egin, zehaztu duenez. Nahiz eta “sufrimendua” eta “larritasuna” izan, Ibon Urrengotxearen senitartekoek “ikerketan konfiantza osoa” agertu dutela eskertu du ertzainak.