Gizartea -
Julian Argilagos
Balenciaga Museoaren arkitektoa atxilotzeko agindua eman dute
Donostiako Gai Penaletarako 2. Epaitegiak Julian Argilagos atxilotzeko eta entregatzeko agindua eman du.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Gai Penaletarako 2. Epaitegiak Julian Argilagos atxilotzeko eta entregatzeko euroagindua eman du. Getariko (Gipuzkoa) Balenciaga Museoaren proiektuko arkitekto bezala ustez egindako delituengatik bilatzeko eta harrapatzeko agindua eman du epaitegiak.
Auziko iturriek jakitera eman dutenez, Argilagos aurkitzen dutenean Gobernuak Espainiaratzea eskatzeko auto bat igorri du epaitegiak, Gipuzkoako hiriburuan epaitu ahal izateko. Argilagos jatorriz kubatarra da, baina Ameriketako Estatu Batuetan eta Espainian bizi izan da.
Iragan martxoan, arkitektoa ez zen aurretiazko saioan agertu, eta epaitegiak auzi-ihesean zegoela ebatzi zuen errekisitoria batean.
Inputaturik
Mariano Camio Getariko alkate ohiarekin eta Rolando Paciel arkitekto kubatarrarekin batera auzian inputaturik dago Argilagos. Fiskaltzaren arabera, Camiok eta Argilagosek harreman bat izan zuten. Aurretiazko saioan azaldu ez zen bakarra Argilagos izan zen.
Horrek Fiskaltza errekisitoria eskatzera bultzatu zuen; izan ere, arkitektoa non zegoen ez zekiten.
Aurretiazko saioa egin ondoren, auzia epaiketan ebatzi beharko dute; izan ere, aldeak ez ziren akordio bakar batera heldu iragan martxoan, hala ere, oraindik ez dute datarik zehaztu.
Mariano Camiori zortzi urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, Balenciaga Museoko proiektuaren kudeaketan egindako delitu ezberdinengatik. Museoa 2011ko ekainean inauguratu zuten, ordurako auzia epaitegietan zegoen.
Gainera, Jualian Argilagosi lau urteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu du fiskalak. Nahiz eta Espainian titulua baliozkotu gabe izan, Argilagosek museoko egitasmoa zuzendu zuen. Azkenik, Rolando Pacieli lau hilabeteko isuna ezartzea eskatu du. Pacielek Argilagosen tokia hartu zuen, arkitektoa Miamin zegoenean.