Gizartea -

Zirkulazioa

Bi istripuk zirkulazioa oztopatu dute Ermuan, saihesbidearen lehen orduetan

Ordainleku zaharraren irteeran izan dira, 07:30ean eta 07:40an; Bilbora bidean, bata, eta Eibarrera bidean, bestea. Auto-ilarak eragin dituzte. 09:00ak jota zirenean, oraindik ere bazeuden.

Saihesbidea 06:00etan ireki dute, asteazken honetan. Argazkia: EiTB.
Saihesbidea 06:00etan ireki dute, asteazken honetan. Argazkia: EiTB.
Saihesbidea 06:00etan ireki dute, asteazken honetan. Argazkia: EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazken goizean Ermuan (Bizkaia) izandako bi istripuk zirkulazioa oztopatu dute bertan, goizeko lehen orduetan; hain zuzen ere, 06:00etan saihesbide berria ireki dute herrian, eta istripuak 07:30ean eta 07:40an izan dira. 07:30era arte, ibilgailuak normaltasunez ibili dira saihesbidetik, baina gero auto-ilarak sortu dira. 09:00ak jota zirenean, oraindik ere bazeuden pilaketak. Istripuak puntu berean gertatu dira, ordainleku zaharraren irteeran; bata Bilbora bidean izan da, eta bestea, aldiz, Eibarrera bidean. Hala eman diote jakitera eitb.eus-i Ermuko Udaltzaingoaren iturriek.

Aipatutako iturrien arabera, bi istripu horiek direla eta, oraindik ez dago jakiterik loturarik dagoen saihesbidearen irekieraren eta auto-ilaren artean; goizegi da hori aztertzeko. Radio Euskadik jakitera eman duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak 74 milioi euro erabili ditu azpiegitura berri honetarako, eta, aurreikuspenen arabera, 9.000 ibilgailu aterako ditu Ermuko erdigunetik. Ermuko zirkulazioa nabarmen arinduko da, beraz, horri esker.

600 metroko tunela

Uretamendiko tunelak irekita, saihesbidearen lehen fasea amaitu da. Tunelek 600 bat metroko luzera dute, lanek urte eta erdi iraun dute, eta lanak hasieran iragarritakoa baino garestiagoak izan dira, aurreikuspenetan jasotakoa baino % 9 gehiago behar izan baitute horiek egiteko.

Asteazken honetan, ordainlekuetako kabina berriak ere zabaldu dituzte; AP-8 autobideko eta N-634 errepideko sarbide zuzen berritik iritsitako milaka gidariri emango diete zerbitzua. Igandera arte (urtarrilaren 14ra arte, alegia), ordainleku berria eta zaharra erabiltzeko aukera izango dute gidariek.

Hemendik aurrera, saihesbidearen hurrengo fasea abiatuko dute. Bilbotik iritsitako ibilgailuen kopurua arinduko dute bigarren fase horretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Euskadin Trafikoa Zer gertatu da Bizkaian? Ermua bideoak Gizartea Trafikoko telefonoak Trafikoko web-kamerak Bilbon Gaurko azken orduko albistea