Gizartea -
Urteurrena
Maratoiak 2.500 urte bete ditu
Atenaseko Maratoiak inoiz baino parte hartzaile gehiago izan ditu urteurrenaren ospakizunean. Filípides soldadu greziarrak antzeko distantzia bete eta hil egin zen, 42,195 probaren oinarria jarrita.
Erredakzioa
2.500 urte igaro dira historiako lehen maratoia korritu zutenetik. Maratoia atletismoak duen probarik esanguratsuena da, ospetsuenetarikoa, eta Marathoneko Gudaren garaian sortu zen K.a. 490an, bere izena bertatik hartuta.
Kondairak dioenez, Atenaseko emakumeak urduri zeuden senarrek Persiaren kontrako guda irabazten duten ala ez jakiteko zain. Behin garaipena lortuta, Milcíades generalak abisua bidaltzea erabaki zuen. Horretarako Filípides gaztea aukeratu zuen. Honek, garaipenaren berri emateko, korrikan egin zituen Atenasera zeuden 40 kilometroak.
Ahalegina hain izan zen handia, ibilbidea amaitu eta berehala, lehertuta zorabiatu eta hil egin zela ''Niké'' (garaipena) hitza esan eta gero.
Inoiz baino korrikalari gehiago
Atenaseko Maratoi Klasikoaren aurtengo edizioak 25. mendeurrena ospatu du eta inoiz baino korrikalari gehiago bildu dira bertan; 12.500.
Raymon Bett keniarrak lortu du garaipena 2:12:40 denbora eginda, probako errekorraren gainditu gabe. Marka hori, 2:10:55, Stefano Baldini italiarrak egin zuen 2004ko Joko Olinpikoetan.
Maratoilariez gain, beste 8.000 pertsonak izena eman dute Atenaseko hirigunetik bost eta hamar kilometroko luzerako tarteak egiteko. Horien artean, Yorgos Papandréu Lehen ministroa eta Dimitris Drutsas kanpo arazoetakoa.