Gizartea -
Desagertzea
Jon Barcena bilatzeko miaketa lanak bertan behera geratu dira Urrunagako urtegian
Dena dela, Ertzaintzak ikertzen jarraituko du Berrizko gaztea topatzeko zantzuen eta ebidentzien bila.
Agentziak | Erredakzioa
Urrunagako urtegia arakatzeari utzi diote gaur Ertzaintzako kideek. Hala, Jon Barcena Berrizko 19 urteko mutila aurkitzeko ahaleginetan martxan jarritako planari amaiera eman diote eguerdian: erreskate taldeak urtegi inguruak miatzeari utzi diote, eta urpekariak ez dira Urrunagan berriro sartuko. Abenduaren 30ean, larunbatarekin, desagertu zen bizkaitarra, Gorbeian. Biharamunean ikusi zuten azkenezkoz, Urrunagan bertan.
Dena dela, Ertzaintzak ikertzen jarraituko du Berrizko gaztea topatzeko zantzuen eta ebidentzien bila.
Horrez gain, Urrunagako ur-azala behatzen jarraituko dute, badaezpada.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 08:00etan, egun argiz, hasi dira lanean Ertzaintzaren mendi erreskateko taldeak, urpekariak eta zakurrak.
Asteazken arratsaldean Legutiotik gertu dagoen urtegiko zokoetan bilatzeari ekin zion Ertzaintzak, gaztearen giltzak eta diru-zorroa bertan aurkitu ostean. Atzo Barcenarenak ziren arropak, botak eta motxila topatu zituzten. Horrez gain, bizilagun batek esan zuen gaztea igande gauean ikusi zuela inguruan. Urtegiaren bazterrean dagoen arrantzaleentzako txabolan ere berriztarraren arrastoak atzeman dituzte.
Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak nabarmendu zuenez, aukera guztiak zabalik daude, eta Barcena "bizirik aurkitzeko itxaropenak" izan badituztela erantsi zuen.
19 urteko gaztea larunbatean desagertu zen, Gorbeiara lagunekin joan eta gero. Antza, bide erdian ondoezik sentitu zen, eta buelta ematea erabaki zuen. Autoa aparkatuta zuten lekura itzultzean ohartu ziren lagunak Barcena han ez zela, eta 19:00ak aldera larrialdi zerbitzuei deitu zieten.
Hiru egunez Gorbeian bilatu zuten Barcena. Asteazkenean, baina, gune horretatik kanpo zegoela adierazten zuten "zantzuak" azalduta, Urrunagako urtegian bilatzeari ekin zioten.