Gizartea -
Urtarrilak 5
Errege Magoak Gasteizko tren-geltokira helduko dira ehunka haur zain dituztela
Desfilea 19:00etan abiatuko da, Bilbo Plazatik, eta Gasteizko kale nagusietatik igaroko da.
Agentziak | Erredakzioa
Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak ostiralean, 11:00etan, iritsiko dira Ekialdetik Gasteizko tren-geltokira, hiriko haurrak hartu, desfilea egin eta gauean oparien banaketa magikoa egiteko.
11:20an, Udaletxera joango dira beren pajeak, errege-postariak eta musika taldeak lagunduta ohiko agurra egitera.
Ondoren, Goiuri Jauregira joango dira (Goiuri jauregira Frai Zacarias Martinez kaletik sartu behar da) eta bertan haurrak hartuko dituzte 12:15etik 18:00etara bitartean (ordu erdiko atsedenaldia egingo dute, 14:00etatik 14:30era).
Desfilea 19:00etan abiatuko da, Bilbo Plazatik, eta ibilbide hau egingo du: Frantzia kalea, Bake kalea, Ortiz de Zarate kalea, Florida kalea, Ramon y Cajal kalea, Micaela Portilla kalea, Laskarai kalea eta Gasteiz hiribidea; Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearekiko bidegurutzean bukatuko da.
Guztira 390 pertsonek hartuko dute parte, horien artean elkarte hauek nabarmentzen direlarik: Udal Musika Banda, Elkarte Afroamerikarra, Kalez Kale Vitoria-Gasteiz, Abetxukuko Inauterietako Konpartsaren Elkartea, La Esperanza eskaut taldea eta Serezade. Bi Ondo Motor ere laguntzaile arituko da.
Azkenik, Errege Magoek atseden hartuko dute gau berandura arte, orduan hiriko neska-mutilei opariak banatzen hasteko. Horrela amaituko da magia eguna, datorren urtera arte.