Gizartea -

Desagertzea

Jon Barcena Berrizko gaztearen motxila eta arropa aurkitu dituzte

Gazte bizkaitarraren botak eta jantziak goizean agertu diren tokitik hurbil topatu dute motxila.

Ertzaintzako kide batzuk, atzo, Urrunagako urtegian. ETBren bideo batetik ateratako argazkia.
Jon Barcena Urrunagan ari dira bilatzen. EiTB
Jon Barcenaren motxila aurkitu dute Urrunagako urtegitik gertu

1:13

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Barcenaren motxila aurkitu dute arratsaldean, Urrunagako urtegitik (Legutio, Araba) gertu, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak ETBn baieztatu duenez. Iragan larunbatean, Gorbeian, desagertutako gaztea bilatzeko lanean jarraitzen dute.

Gazte bizkaitarraren botak eta jantziak goizean agertu diren tokitik hurbil topatu dute motxila, Ertzaintzak zehaztu duenez.

Bigarren egunez, Urrunagako urtegia arakatzen dabil Ertzaintza, Jon Barcena Berrizko 19 urteko mutila topatu nahian. Gaztea inguruan izan zela jakin badakite orain: bizilagun batek esan du igandean ikusi zuela mutikoa.

Hain justu, Urrunagako urtegian bertan, kasuaren inguruko azken berriak azaldu ditu Segurtasun sailburuordeak. Bi dira nobedade nagusiak: gaztearen arropak urtegiaren kanpoaldean topatu dituztela, eta lekuko batek Barcena ikusi zuela igandean.

Halaber, Barcena urtegitik gertu dagoen etxola batean egon zela uste dute ikertzaileek. Zubiagak zehaztu duenez, etxola horretara iristea ez da erraza.

Antza, gaztearen zapatilak urtegiaren kanpoaldean aurkitu dute. Bilaketa, dena dela, urtegiaren barruan eta kanpoaldean ari dira bideratzen, eta aukera guztiak zabalik daude. "Bizirik topatuko dugun itxaropena dugu", erantsi du Zubiaga sailburordeak.

Bilaketa lanak bertan behera utzi behar izan dituzte iluntzean, 18:30 aldera, baina ostiral honetan, goizean, berriro bilatzeari ekingo dio dispositiboak, Ertzaintzak jakitera eman duenez.

Larunbatetik desagertuta

Ertzaintzaren mendi eta urpekari taldeak ari dira bilaketa lanetan. Atzo ere jardun zuten, 18:00ak arte, baina ez zuten gaztearen arrastorik atzeman. Inguru horretan aurkitu dituzte Barcenaren objektu pertsona batzuk (diru-zorroa eta giltzak), eta horregatik lekualdatu dute bilaketa.

Hiru egunez Gorbeian bilatu zuten Barcena. Atzo, baina, gune horretatik kanpo zegoela adierazten zuten "zantzuak" azalduta, Urrunagako urtegian bilatzeari ekin zioten.

19 urteko gaztea larunbatean desagertu zen, Gorbeiara lagunekin joan eta gero. Antza, bide erdian ondoezik sentitu zen, eta buelta ematea erabaki zuen. Autoa aparkatuta zuten lekura itzultzean ohartu ziren lagunak Barcena han ez zela, eta 19:00ak aldera larrialdi zerbitzuei deitu zieten. Ordutik, gaztearen bila dabiltza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gaurko albisteak Bizkaia Araba Gizartea Gaurko azken ordukoa Desagertutako pertsonak gaur Berriz Durangaldea