Gizartea -

Denboralea

Gasteizko gizon eta emakume bat hil dira Mutrikun, olatu batek eramanda

Lekuko batek gertatutakoa ikusi eta bere burua uretara bota du biktimak laguntzeko asmoz, baina ezin izan ditu salbatu. Hirugarren pertsona hau onik atera da.

Gasteizko gizon eta emakume bat hil dira Mutrikun, olatu batek eramanda

1:31

E. L. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi pertsona hil dira gaur Mutrikun (Gipuzkoa), olatu batek eraman ondoren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek eitb.eus-i baieztatu diotenez. Hildakoak gasteiztarrak ziren, 67 urteko gizon bat eta 65 urteko emakume bat.

Hasiera batean, ezbeharra Deban gertatu dela jakitera eman dute, baina geroago SOS Deiakek azaldu duenez, tragedia Mutrikuko Ondarbeltz hondartzan jazo da.

 

Gertakaria 16:45 aldera jazo da kai-muturrean. Olatu batek harri-lubetaren aurka talka egin eta bi oinezko eraman ditu. Olatuak biktimak itsasora bota ditu.

 

Lekuko batek gertatutakoa ikusi eta bere burua uretara bota du biktimak laguntzeko asmoz, baina ezin izan ditu salbatu. Hirugarren pertsona hau onik atera da.

Ertzaintza, suhiltzaileak eta Itsas Salbamendua bertaratu dira. Gorpuak erreskatatzea lortu dute, baina ez bizitza salbatzeko garaiz.

Ondarroatik (Bizkaia) Gurutze Gorriko ontzi bat abiatu da, baina heldu denerako biktimen gorpuak erreskatatu dituzte, Itsas Salbamenduko iturriek jakitera eman dutenez.

Erreskate zaila

Gizonaren gorpua olatuek hurbildu dute hondartzaraino. Emakumearen gorpua, ostera, minutu batzuk geroago erreskatatu ahal izan dute suhiltzaileek, olatuek itsasbazterrera gerturatu dutenean.

Gorpuak jaso eta Donostiako Auzitegi-institutura eraman dituzte, bertan autopsia egiteko.

Alerta laranja

Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzak alerta laranja martxan jarri du olatuengatik kostaldean, 16:00etatik 20:00etara; izan ere, 5 metroko olatuak espero dira 19 segundoko tartearekin eta 17:40ko itsasgorarekin. Mareak 4,53 metroko altuera harrapatuko du.

Gainera, lehen bi miliatan nabigaziorako abisu horia dago ezarrita 15:00etatik, olatuek 3,5 metroak gainditzen dituztelako. Arratsaldean indarrak gora egingo du, eta gauean 4-5 metroko altuera harrapatuko dute olatuek. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3-4 metroko olatuak altxaraziko ditu, 18-20 segundoko tartearekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Denboraleak argazkiak Gasteiz Deba albisteak Eguneko albisteak Mutriku azken ordukoa