Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Genero-indarkeriak 52 emakume hil ditu aurten Estatuan, horietatik 3 Euskal Herrian
Gainera, zortzi haur hil dira indarkeria matxistaren ondorioz. Horren aurka borrokatzeko uztailean adostutako Estatu-itunak aurrekonturik gabe jarraitzen du.
IMANOL ELEZGARAI | EUSKADI IRRATIA
Emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako biktima-kopuruak gora egin du 2017an. Aurten, 52 emakumezko erail ditu indarkeria matxistak Estatu osoan, horietatik hiru Euskal Herrian (bi EAEn, eta hirugarrena, ordea, Nafarroan). Hiru hauei beste bi gipuzkoar gehitu behar zaizkie, Madril eta Extremaduran eraildakoak. Adingabeei dagokienez, zortzi haur hil dira, ama horien bikotekideren indarkeriaren ondorioz, eta beste 27 seme-alaba umezurtz geratu dira.
Genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko asmoz, uztailean Estatu-ituna onartu zen Espainiako Kongresuan, baina oraindik ez da martxan jarri. Datorren urterako 200 milioiko aurrekontua ezarri du Espainiako Gobernuak, baina horiekin aurreikusitako neurrien % 12a soilik jarriko da martxan.
Bien bitartean, indarrean dauden legeek ere ez diete biktimei behar adina babes ematen. Beldurrak, dependentzia ekonomikoak edo auto-estimu faltak askotan salaketarik ez jartzera bultzatzen ditu emakume asko. Eta salatzeko adorea lortzen dutenek ere ez dute bermerik jasotzen: azken bi hiltzaileek, esaterako, salaketa jarrita eta urruntze-agindua ezarrita zuten hilketa burutu zutenean.
------------------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.