Gizartea -
Droga-trafikoa
Erresuma Batura marihuana bidaltzen zuen sare bat desegin dute Araban eta Nafarroan
Marihuana-landa handiak aurkitu ditu Poliziak Argandoñan eta Eguesen, eta bidalketak egiteko lantegi bat Basaurin. Guztira, zazpi lagun atxilotu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Marihuana landatzen eta droga Erresuma Batura bidaltzen zuen sare bat desegin du Ertzaintzak. Kalamu-landak Araban eta Nafarroan zeuden. Ertzaintzak bost lagun atxilotu ditu Gasteizen eta Basaurin, eta Foruzaingoak eta Polizia Nazionalak, berriz, bi lagun atxilotu dituzte Eguesen (Nafarroa) eta Ferrolen (Coruña). Atxilotuak 30 eta 46 urte artean dituzte, txinatarrak dira. Horietako hiru espetxera bidali ditu epaileak; gainerakoak, ordea, libre utzi ditu.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, ikerketa joan den maiatzean abiatu zuten, Gasteizko kanpoaldean, Argandoñan, txalet bat alokatu zutela jakitean. Ertzainak iritsi zirenean, etxea hutsik zegoen, baina 1.636 kalamu-landare aurkitu zituzten.
Geroago, hainbat lagun identifikatu zituzten, eta EAEko eta Nafarroako industrialde ugari bisitatzen zituztela konturatu ziren, handik Erresuma Batura 6 eta 12 kilo arteko marihuana-paketeak bidaltzeko. Dirudienez, Basauriko industrialdeko pabilioi bat erabiltzen zuten bidalketak egiteko bitartekari-gune moduan. Gainera, Eguesen (Nafarroa) beste txalet bat aurkitu zuten. Bertan 1.312 kalamu-landare zeuden.
Marihuana landatzea, prestatzea eta horrekin trafikatzea leporatu diete atxilotuei, baita dokumentazioa faltsutzea eta elkarte gaizkilearen kide izatea ere.