Gizartea -
Erasoa
Hirugarren pertsona bat atxilotu dute, Bilboko metroko erasoan parte hartzea egotzita
Abenduaren 22an hainbat pertsonak Abandoko metro geltokian egin zioten erasoaren ondorioz, gazte batek begi bateko ikusmena galdu zuen eta beste zauri larri batzuk hartu zituen.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak hirugarren pertsona bat atxilotu du ostegun arratsaldean, Barakaldon (Bizkaia), abenduaren 22an Bilboko Abandoko metro geltokian 23 urteko bi gaztek pairatu zuten lapurreta saiakera eta erasoaren egileak direlakoan.
Eraso horren ondorioz, gazteetako batek zauri larriak pairatu zituen: begi bateko ikusmena galdu zuen, hainbat ebaki egin zizkioten buruko larruazalean eta sudur hezurra hautsi zioten. Beste biktima ere artatu behar izan zuten, ezker begian hematoma bat eta beste hainbat traumatismo baitzituen gorputzean eta hortz bat galdu baitzuen.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Barakaldon ustezko egile nagusia atxilotu ostean (19 urte ditu), ordu batzuk geroago, beste gizonezko bat (23 urte ditu) atxilotu zuten.
Halaber, 16:30ak inguruan beste gizonezko bat (24 urte ditu) atxilotu zuten, Barakaldon.
"Taldekako erasoa"
Gertakariak abenduaren 22ko goizeko 07:00etan hasi ziren, Arbolantxa Bilboko kalean. Han, bi pertsona biktimetako bati telefono mugikorra osten saiatu ziren, eta bi gazteok lapurrei aurre egin zieten.
Jarrian, bi gazteak Abandoko metro geltokira abiatu ziren, talde handiago bat atzetik zutela kristalezko edalontzi eta botilak jaurtitzen.
Gazteok metro geltokira sartu ziren, Berastegi kaleko sarreratik, baina erasotzaile taldeak eskailera mekanikoen lehen zatian harrapatu zituen, eta bertan gauzatu zuten taldekako erasoa.
Akusatuek, gaur Barakaldon atxilotutako gizasemeek, polizia aurrekariak dituzte, lapurreta eta erasoak direla eta. Indarkeriaz lapurreta egitea eta lesio delitua leporatzen dizkiete.
"Herritarren laguntza"
Ertzaintzak herritarren laguntza eskertu du, beroriek emandako informazioari esker burutu ahal izan baita ikerketa.
Epailearen esku
Hiru gazteak epailearen esku gelditu dira gaur (abenduak 29, ostirala) eguerdian.