Gizartea -
Zornotza
Jendetza Zornotzan, Ibon Urrengoetxearen familia babesteko
Ehunka lagunek bete dute herriko plaza Ibon Urrengoetxearen hilketa gaitzetsi eta beren samina eta haserrea adierazteko.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka lagun bildu dira Zornotzako herriko plazan Ibon Urrengoetxearen hilketa gaitzetsi eta haren familiari babesa eta elkartasuna adierazteko.
Urrengoetxea abenduaren 23an hil zuten Bilbo erdigunean, kolpeka.
Udalak arratsalde honetan deitutako bilkura isilak 15 minutuko iraupena izan du. Herriko plaza txiki geratu da. Isiltasuna izugarria izan da. Txalo zaparrada batekin amaitu dute elkarretaratzea.
Ehunka herritarrekin batera, agintariak ere izan dira elkarretaratzean, besteak beste, Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Zornotzako alderdi politikoetako udal ordezkariak. Agirrebeitia pozik agertu da zornotzarrek eman duten erantzunarekin.
Bizilagunak saminduta eta amorratuta azaldu dira, gertatu dena oraindik ezin sinetsita. Ibon Urrengoetxeak emaztea eta sei urteko semea zituen.
Bilkura baino ordu eta erdi lehenago, 18:00etan, eman diote azken agurra Urrengoetxeari Karmengo Amaren Santutegian, Larrean. Han ere jendetza bildu da eta eliza txiki geratu da.
Goizean, Udalaren Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala egin du, Urrengeotxearen hilketa gaitzesteko eta haren familiari babesa adierazteko.
Ertzaintzak gertatutakoa ikertzen jarraitzen du, baina oraingoz ez dituzte hiltzaileak atxilotu.