Gizartea -
Kanpaina
Sinadura bilketa, EBk kultura eta hizkuntza gutxituak babesteko legea onar dezan
'Minority SafePack' kanpainaren xedea da Europako erakundeei legedi loteslea eskatzea. Gaur egun, estatu bakoitzaren legediaren araberakoa da babesa.
EITB.EUS
FUEN Europar Nazionalitateen Batasun Federalak 'Minority SafePack' kanpaina jarri du martxan, Europako erakundeei kultura eta hizkuntza gutxituak babesteko legedi loteslea bidera dezala eskatzeko.
Herri-ekimena eraman nahi du Europako Parlamentura FUENek, kultura eta hizkuntza gutxituak babesteko lege bat onartzea eskatuz. Ekimena Euroganberara hel dadin, milioi bat europarren sinadura behar da, eta, beraz, sinadura bilketa abiatu dute.
Irailean hasi zuten ekimena, eta 2018ko apirila arte egongo da martxan. Abenduaren 19ra arte, 355.000 sinadura bildu dituzte horretarako martxan jarritako webgunean: minority-safepack.eu.
Europan, 60 milioi herritar dira komunitate gutxitu baten kide, baina hizkuntza-eskubideen babesa estatu bakoitzaren legediaren araberakoa da. Horregatik, FUENek kezkagarri deritzo Europar Batasunak legezko babesik ez eskaintzea Europako komunitate gutxituen kultura eta hizkuntzei, babes hori estatu kide bakoitzaren eskumena dela esanez.
Herri-ekimenak 11 proposamen zehatz jasotzen ditu, tartean hizkuntza gutxituek erakundeetan duten ordezkaritzari, hezkuntzari, kulturari eta hizkuntza guztiek ikus-entzunezkoetan eta interneten duten presentziari eragiten diotenak.
EiTBren emisioa
FUENen herri-ekimena bideratuko balitz, Europar Batasunak bermatuko luke EiTBren emanaldiak Euskaditik kanpo hedatzea, Nafarroara eta Iparraldera iristeko eragozpenak gainditzen ibili barik.