Gizartea -
Auzitegi Konstituzionala
Autonomia erkidegoek ezin dute kalamu elkarterik arautu, Konstituzionalaren arabera
Goi auzitegiak kalamu kontsumitzaileen elkarteak arautzen dituen Nafarroako foru-legea baliogabetu du, Espainiako Estatuaren eskumenak bere gain hartzen dituela iritzita.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin du kalamu kontsumitzaileen elkarteak arautzen dituen Nafarroako foru-legea, zigor arloan eragina duela iritzita, legez kanpoko droga denez, Espainiako Estatuaren legeek arautu behar duten gaia delako.
“Kalamua ematea eta kontsumitzea errazten duten baliabideen (kalamu elkarteak) araudiak dagokion zigor motan eragina du”, eta, beraz, Espainiako Estatuaren eskumenetan sartzen da, ez autonomia erkidegoenetan, Konstituzionalaren arabera.
Hori dela eta, Auzitegi Konstituzionalak Konstituzioaren aurkakotzat jo du, Espainiako Estatuaren eskumenetan sartzen delako, Espainiako Gobernuak helegitearen bidez eskatu zuen moduan.
Aurten Espainiako Ministroen Kontseiluak hainbat arauren aurkako helegitea jarri du Auzitegi Konstituzionalean (Euskadiko baten eta Kataluniako beste baten kontra), kalamu kontsumitzaileen elkarteen funtzionamenduari buruzko gaiak arautzen dituztelako.
Konstituzionalak ezarritako doktrina ezarriko zaie orain arau horiei ere. “Baimena ematen duen arautegi baten aurrean egon arren, dagokion zigor mota mugatzen eragina duen araudiaz ari gara”, azpimarratu du.