Gizartea -
Nafarroa
Carcarko zahar-etxean gizon bat ustez sastakatu duen atxilotua, espetxera
73 urteko gizona fidantzarik gabe behin-behineko espetxera bidali du Lizarrako guardiako epaileak, erailketa saiakera delitua egotzita.
Agentziak | Erredakzioa
80 urteko adineko bat sastakatzeagatik 73 urteko gizon bat atxilotu zuten Carcarko (Nafarroa) zahar-etxean. Atxilotua fidantzarik gabe behin-behineko espetxera bidali du Lizarrako guardiako epaileak, erailketa saiakera delitua leporatuta.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, atzo 22:00ak aldera gertatutakoa laburbildu du magistratuak auto batean. Orain helegitea aurkezteko aukera dute aldeek. J.E.S. ikertuak aste batzuk lehentxeago erositako labana hartu zuen eta A.P.R. biktimaren logelara joan zen. Biktimak gurpil-aulkia behar du mugitzeko. Ustezko erasotzailea logelan sartu zenean, biktima ohean etzanda zegoen telebista ikusten, argia itzalita.
Auzipetua biktimaren logelan sartu eta eztabaida beroa izan zuten biek, ondoren labankadak eman zizkion, horietako batek zauri handia eragin zion lepoan biktimari, beste bat aurpegiko ezkerraldean, hirugarren bat buru gainean eta azkena ezker eskuan.
Dirudienez, erizain bat eta zahar-etxeko beste adineko bat biktimaren logelan sartu ziren; auzipetuak alde egin zuen, baina bere logelara bidean, labana geriatria gelako komunean utzi zuen. Ondoren, arropak aldatu eta Polizia heldu arte ohean eserita itxaron zuen.
"Merezi zuena emateko asmoarekin"
Epailearen hitzetan, ikertua galdekatu ondoren gertakariak frogatu dituzte; izan ere, biktimaren logelara labana batekin joan zela onartu du atxilotuak. Azken bi hilabeteetan egindako akusazioengatik azalpenak eskatu nahi zizkion, baina “merezi zuena emateko asmoarekin” joan zela aitortu du auzipetuak.
Gertakariak onartzen ez baldin bazituen, “merezitako” hori ematea “sastakatzea” zen, atxilotuaren arabera. Adinekoa “hiltzeko” borondatearekin “sastatu” zuela onartu du auzipetuak, autoak azaldu duenez. Erizaina eta zahar-etxeko beste adinekoa logelan agertu zirenean, labankadak emateari utzi ziola erantsi du gizonak.