Gizartea -
24 orduko lehen greba
Langile bat zaurituta eta 16 autobus kaltetuta Bilbobuseko greban
Langileak zauriak ditu hanka batean, Ertzaintza piketeen aurka oldartu eta gero. Lan baldintzak hobetzeko eskatu dute Bilboko kaleetan egindako manifestazioan.
Erredakzioa
Zauritu bat eta 16 autobusetan kalte materialak eragin ditu gaur Bilbobus enpresako langileen grebak. Lan baldintzak hobetzeko eskatu dute Bilboko kaleetan egindako manifestazioan. Bestalde, zerbitzu minimoak eta atzerapenak izan dira nagusi gaurko greban.
Veolia enpresa kudeatzaileak akordioak "urratu" izana salatu dute eta autobus kopurua ez murriztea eskatu dute.
Beharginek azaroaren 2an eta 9an ere egingo dituzte lanuzteak. Hortik aurrera, protestak mugagabeak izango dira, akordiorik ezean.
Egunaren hasieran istilu batzuk jazo dira. Izan ere, 15 autobusi harriak bota dizkiete. Dena dela, Eusko Jaurlaritzak ezarritako % 30eko gutxieneko zerbitzuak normal abiatu dira.
Halaber, Radio Euskadik jakinarazi duenez, langile bat zauritu egin da Ertzaintza pikete batzuen aurka oldartu eta gero. Hain zuzen ere, zauria egin du hankan, eta ospitalera eraman behar izan dute.
Enpresaren iturriek jakinarazi dutenez, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak babesa eman behar izan diete goizeko lehen ordutik abiatu diren autobusei, baina ondoren sabotajeak pairatu dituzte ibilbidean zehar.
08:30ean, langileek manifestazioa egin dute Bilboko erdigunera.