Gizartea -
ERRIBERAKO MERKATUA
Bizkaiko jaiotzarik handiena, Erriberako merkatuan
Muntaketak 27 metro karratu hartzen ditu eta aurten Erregeen adorazioa irudikatu dute.
Ixone Arana | EiTB.eus
Beste urte batez, Erriberako merkatuak Bizkaiko jaiotzarik handiena jaso du. Bizkaiko Jaiotza Egileen Elkarteak egindako muntaketa ikusgarri hori urtarrilaren 8ra arte izango da ikusgai.
Elkarteak, Bilbao Zerbitzuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan egin du jaiotza. Hori, orduko 6.000 litro mugitzen dituen ur-jauziak eta mugimenduan dauden zazpi irudik osatzen dute, eta 27 metro karratu hartzen ditu guztira.
Eszena nagusia inguratzen duen herri hebrearrean errementaria ikus daiteke, zaldi bat ferratzen, eta aitona bilobarekin arrain batzuk prestatzen. Erdiko plazatxoan dagoen zuhaitz gunean umeak daude, “umeen parkeko” txinboetan kulunkan eta birak ematen dituzten gailuetan jolasten. Jaiotzaren erdian, ur jauzi handia dago, eta arrantzaleak arrainak harrapatu nahian. Eskuinaldean herriko iturria dago, eta hainbat pertsona bertara doaz, pegarrak betetzera, eta ume bat amarekin liskarrean ari da, txinboetara joan ahal izateko.
Gainera, aurten, “hiru erregeen adorazioa” irudikatzen duen eszena dago. Bertan, hiru erregeek euren opariak eskaintzen dizkiote Jesus haurrari, morroiak hiru zaldiak lasaitzen ahalegintzen diren bitartean.
Yolanda Diez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotziak jaiotza bisitatu eta merkatariak zoriondu ditu “inor hotz utziko ez duen ekimen horrengatik”. Bere nahia “oso arrakastatsua” izatea da eta horrela jakinarazi dio elkarteari.