Gizartea -
AITORTZA
Europako Batzordearen 'HR Excellence in Research' aintzatespena lortu du Vicomtechek
Kontratazio irekia, gardena eta ikertzaileen merituen araberakoa dela bermatzen du ziurtagiri horrek.
eitb.eus
Vicomtech-IK4 ikerketa zentroak Europako Batzordeak ematen duen HR Excellence in Research aintzatespena lortu berri du, hain zuzen ere, kontratazio irekia, gardena eta ikertzaileen merituen araberakoa dela bermatzen duen ziurtagiria (OTM-R: Open, Transparent and Merit-based Recruitment of Researchers). Gipuzkoako Teknologia Parkean egoitza duen ikerketa aplikatuko zentroa Computer Graphics, Visual Computing eta Multimedia teknologietan espezializatuta dago.
Ikerketa zentroak ohar bidez jakinarazi duenez, kudeaketa sistema aurreratuak nagusi diren ingurune honetan, ikerketaren alorrean diharduten erakundeek ere proiektu eta jarduera bakoitzean egindako ahalegina neurtzeko eta zenbatzeko kudeaketa metodoak behar dituzte. Hori lortzeko bidea ikertzailea sistemaren erdigunean jartzea dela uste du.
Duela gutxi, Vicomtechek Europako Jokabide Kodea eta Carnegie Mellon unibertsitateak garatutako People CMM matrizea arrakastaz ezarri ditu, pertsonen kudeaketa nazioarteko bikaintasunera hurbilduz. Ildo horretan, Europako Batzordeak Vicomtechen lana aitortu du HR Excellence in Research aitortza onartuta.
Azken urteetan, Vicomtechek sistema bat garatu du bere kapital intelektualaren balioa zenbatzeko eta kudeatzeko, bere ikertzaileen ezagutza eta aktibo ukiezinak (software liburutegiak) aintzat hartuta. Helburu hori lortzeko asmoz, Vicomtechek bere kapital intelektuala kalkulatzeko metodologia berria garatu du nazioartean abangoardian dauden metodologietan oinarrituta.
Erakundeko pertsona bakoitzaren ekarpenak erakundearen estrategiarekin bat egitea lortzeko lanean ari da, eta, era berean, pertsonek beraien gaitasunak garatzeko aukera dute. Eredu horren bitartez, ikertzaile bakoitzaren gaitasunak atzeman eta sustatu ahal dira, bere prestakuntza eta emaitzen bidez bere profilera ondoen egokitzen den ibilbide profesionaletik gidatuz. Hala ere, Vicomtechek bere misioa oso presente du, hots, "inguruko enpresa eta erakundeen Ikerketa Aplikaturiko, Garapenerako eta Informazioaren Teknologien Berrikuntzarako beharrei erantzutea, erronka berriei aurre egiteko eta beraien lehiakortasuna merkatu globalean hobetzeko".
Vicomtech UNE 166002:2014 eta ISO 9001:2015 ziurtagiriak aldi berean dituen zentro bakarrenetakoa da. Horrez gain, Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzaren (I+G+B) kudeaketan egiaztagiri gorena lortu zuen, eta, gainera, AENOR-en I+G+B Kudeaketa Sistemaren ziurtagiria 2014an argitaratutako UNE 166002 arauarekin eguneratzen lehenengoa izan zen.
Vicomtech-IK4 Donostiako Parke Teknologikoan kokatuta dagoen ikerketa aplikatuko zentroa da, 2001ean sortua, eta Computer Graphics, Visual Computing eta Multimedia teknologietan espezializatuta dago.