Gizartea -
Sari banaketa
Sexual Minorities Uganda, Rene Cassin saria: 'Berdintasuna lortu arte ez dugu etsiko'
Frank Mugisha erakundeko zuzendari exekutiboak Rene Cassin 2017 saria jaso du Iñigo Urkullu lehendakariaren eskuetatik.
Agentziak | Erredakzioa
Frank Mugisha Sexual Minorities Uganda gobernuz kanpoko erakundearen zuzendari exekutiboak Rene Cassin 2017 saria jaso du gaur. Sari honekin erakundeari azaldutako babesa eskertu dio Mugishak Euskadiri. Ugandan pertsona guztien arteko “berdintasuna lortu arte ez geratzeko” konpromisoa hartu du zuzendari exekutiboak. Zentzu horretan, Ugandan eta mundu osoan LGTBI kolektiboaren eskubideen alde borrokan jarraitzeko asmoa agertu du ordezkariak.
Gobernuz kanpoko erakundea 2004an sortu zuen Victor Mukasa ekintzaileak. Erakundea 18 elkartek osatzen dute. Guztiak pertsona lesbiana, gay, bisexual, transexual eta intersexualen duintasuna eta eskubideak errespetatzeko lanean ari dira Afrikako herrialdean.
Ortzadar LGTB elkarteak Sexual Minorities Uganda proposatu zuen saria jasotzeko hautagai bezala.
Eusko Jaurlaritzaren ahotan, kolektibo horien egoera Afrikako zenbait herrialdeetan “bereziki dramatikoa” da; izan ere, askotan zigortu egiten dituzte, baita biziarteko espetxe-zigorra ezarri ere.
Esparru seguruak, sexu-trasmisiozko gaixotasunei aurre egiteko aholkularitza eta nortasun ahalduntzea bultzatzeko ekimenak eskaintzen ditu Sexual Minorities Ugandak, baita komunikabideetan eta salaketa sozialean lan egin ere.
Urkullu giza duintasuna aldarrikatu du
Iñigo Urkullu lehendakariak sarian eman du. Hitza hartu baino lehen, bi minutuko isilunea gordetzea eskatu du buruzagiak, ETAk 1987ko abenduaren 11an, Zaragozan, hildako hamaika pertsonen eta 1997ko egun berean, Errenterian (Gipuzkoa), hildako PPko zinegotziaren omenez.
Hitzaldian, “gizatasunaren kontzientzia pertsona guztiak soilik pertsonak direla onartzean datza, ez gehiago ez gutxiago”, gogorarazi du Urkulluk.
“Giza duintasunaren ulermen sakon eta unibertsala” erabili du lehendakariak, guztiek bezalaxe, “LGTBI pertsonak edonon merezi duten” errespetua aldarrikatzeko.