Gizartea -
Frankismoa
Bergarako epaitegi batek ofizioz ikertuko ditu frankismoaren krimenak
Lehen aldia da Euskal Herriko epaitegi batek frankismo garaiko krimenak ofizioz ikertuko dituena.
Agentziak | Erredakzioa
Bergarako epaitegiak izapideak abiarazi ditu frankismoak Elgetan egin zituen krimenak ofizioz ikertzeko, gizateriaren aurkako krimenak eta genozidioa izan zitezkeela ulertuta.
Lehen aldia da Euskal Herriko epaitegi batek frankismo garaiko krimenak ofizioz ikertuko dituena.
Zehazki, 1936 eta 1977 urteen artean izandako krimenak ikertuko ditu, baita 1980an izandako bi atentatu ere, herriko taberna baten eta udaletxearen aurka egindakoak, hain zuzen ere.
Iraitz Lazkano Elgetako alkatea eta Julia Monge Intxorta 1937 Kultur Elkarteko ordezkariak pozik agertu dira joan den urriaren 4an jarri zuten kereila onartu egin duelako epaileak.
"Oso garrantzitsua da, lehen aldia delako frankismoaren biktimek hainbeste urtetan egindako eskaera aintzat hartzen delako; Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea eta Nazioarteko Zigor Zuzenbidea aplikatuko du Bergarako epaitegiak", adierazi dute.
"Honek erakusten du badaudela epaile batzuk ez dutenak beste aldera begiratzen biktimek, bertoko eta nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeek eta Euskal Herriko nahiz Estatuko instituzio askok hamaika aldiz salatu dituzten krimenen aurrean", azpimarratu dute.
Egungo sistema demokratikoa izango bada, Frankoren diktadurak 40 urte luzez egindako sarraskiak zigorrik gabe egotea onartezina dela ohartarazi dute. Ildo horretan, Bergarako epaitegiak hasitako bideari heltzeko eskatu diete gainerako auzitegiei.
Era berean, horrelako ekinbide judizialak babesteko deia luzatu diete alderdi politikoei, sindikatuei, erakundeei eta gizarte eragileei, "egia, justizia eta erreparazioa exijitzerakoan agente aktibo bilakatuta".