Gizartea -

Istiluak

Bost lagun atxilotu dituzte Reala-Zenit partidaren aurretik izandako liskarretan

Atxilotuetako bostak zale errusiarrak dira; Ertzaintzaren komisarian jarraitzen dute. Horietako hiru zauritu ziren atzoko liskarretan, baita ertzain bat ere.

Istiluak izan dira Anoeta inguruan, Europa Ligako partida baino lehen

1:30

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bost lagun atxilotu zituen atzo, osteguna, Donostian, autoritatearen aurkako delitua eta desordena publikoak leporatuta, Reala eta San Petesburgoko Zenit (Errusia) taldeek Europa Leagueko partidari ekin aurretik zaleen artean izan ziren istiluen harira, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman zuenez. Atxilotuetako hiru zauritu ziren, eta horietako bat ospitalera eraman zuten.

Ertzaintzako agente bat ere arin zauritu zen liskarretan, iturri horren arabera. Ertzaina mutua batera eraman zuten, zauriengatik artatzeko.

Atxilotutako bost pertsonak futbolzale errusiarrak dira, gaur, ostirala, Segurtasun Sailak baieztatu duenez. Gainera, bostek komisarian jarraitzen dute, epailearengana eramango dituzten zain.

Segurtasun Sailak argitu duenez, liskarrak 18:30ean hasi ziren. Ordu horretan, Amara auzoko bizilagunen hainbat dei jaso zituen Ertzaintzak, borroka baten berri emanez. Zehazki, errusiar taldeko hogei bat zale ziren eta elkarren artean ari ziren borrokan. Bengalak ere jaurti zituztela ohartarazi zuten.

Ondoren, 20:15ean, beste liskar bat sortu zen, oraingoan Realeko eta Zenit taldeko zaleen artean, iturri horien arabera. Isabel II.a eta Carlos I.a kaleen artean izan ziren istiluak. Ertzaintza bertaratu zen eta bost zale atxilotu zituen. Horietako hiruk zauriak zituzten, eta bat Donostia Ospitalera eraman dute.

Anotea futbol zelaiaren barruan, ondoren, bengalak piztu zituzten errusiar taldeko zaleek partida bukatzeko minutu gutxi falta zirenean.

RealSocialismo! Realeko zaletu eta akziodunen lantaldeak gertatutakoa salatu eta "ekintzetan dagoen erantzukizun judizialaz harago, liskarretan Realeko bazkiderik parte hartu ote zuen aztertzea" eskatu dio klubari. Hala izatekotan, bazkide horiek klubetik kanporatzea eskatu du.

"Arrisku bereiziko" partida

Eusko Jaurlaritzak plastikozko edalontziak erabiltzea eta terrazak jasotzea eskatu zien herenegun Parte Zaharra, Gros eta Amara auzoetako ostalariei, Realak eta San Petersburgoko Zenitek jokatuko duten partidua "arrisku berezikoa" dela esan baitzuen Europa Leaguek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola estatuko azken ordukoa Real Sociedad fitxaketak Donostia Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea