Gizartea -
Euskadi
Eusko Jaurlaritzak Sexual Minorities Uganda GKEri eman dio René Cassin 2017 saria
Afrikako herrialde batzuetan eta Ugandan bereziki LGTBI komunitatearen egoera salatzeko egindako lana nabarmendu du epaimahaiak.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzak Sexual Minorities Uganda (SMUG) gobernuz kanpoko erakundeari (GKE) emango dio 2017an Giza Eskubideen René Cassin saria, astearte honetan Lehendakaritzak jakinarazi duenez.
Afrikako herrialde batzuetan eta Ugandan bereziki LGTBI komunitatearen egoera salatzeko egindako lana nabarmendu du epaimahaiak, baita beraien eskubideak, segurtasuna eta duintasuna defendatzen egiten duten lana ere.
Sexual Minorities Uganda gobernuz kanpoko erakundea 2004an sortu zuen Victor Mukasa aktibista transgeneroak, eta arlo desberdinetako 18 erakundek osatzen dute, lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta intersexualak diren pertsonak aintzatestearen eta haien duintasuna eta eskubideak errespetatzearen alde borrokan dihardutenek.
Euskadin helburu horiek lortze aldera lanean ari den Ortzadar LGTB euskal elkarteak proposatu du SMUG René Cassin sarirako.
LGTBI pertsonek bizi duten egoera dramatikoa da Afrikako herrialde batzuetan. Herrialde askotan auzi penalak ezartzen dizkiete, eta biziarteko espetxealdia ere izan daiteke zigorra, Ugandan, esaterako.
Testuinguru horretan, Sexual Minorities Ugandak gune seguruak eskaintzen dizkie LGBTI komunitateko pertsonei; ahalduntze afektiboari eta identitarioari lotutako ekimenak sustatzen ditu; aholkularitza ematen du sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen aurrean; eta hedabideen eta salaketa sozialaren eremuan dihardu lanean.
Iñigo Urkullu lehendakariak emango dio saria abenduaren 11n, 16:30ean, Lehendakaritzan egingo den ekitaldian, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izango baita bezperan.