Gizartea -

12 urtera zigortua 2009an

Ika-mika sare sozialetan Laffageren hiltzailea klinika batean topatu eta gero

Diego Yllanes Nagore Laffageren hiltzailea klinika bateko medikuen taldean ageri da, psikiatra gisa aurkeztuta. Zentroak Yllanesen argazkia kendu du dagoeneko.

Yllanes, klinikaren web gunean
Yllanes, klinikaren web gunean

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ika-mika handia zabaldu da sare sozialetan, eta ordu gutxitan sumindura eta protestak eragin ditu han-hemenka. Polemika klinika bateko webgunean jarritako argazki batek eragin du, medikuen argazkien artean Diego Yllanes Vizcay ageri delako; Yllanesek Nagore Laffage irundarra hil zuen, 2008ko sanferminetan.

Klinika horretako webgunean, psikiatra gisa ageri zen Yllanes. Klinikak Madrilen eta Sevillan ditu zentroak.

Albistea Twitter eta Facebook sare sozialen bidez lau haizeetara zabaldu ostean, klinikak Yllanesen argazkia kendu du webetik, eta zuzendariak mezu bat zabaldu du: "Diego Yllanes Vizcayk EZ ditu gaixoak artatzen, kolaboratzailea da enpresan, ikerketan laguntzeko".

Prozesua eta zigorra

Yllanesek gaztea ito zuen Irungo Iturrama auzoko etxebizitza batean, atzamar bat moztu zion identifikazioa oztopatzeko eta gorpua plastiko artean ehortzi zuen, Orondritzen (Erroibar). Egun horretan bertatik paseatzen zebiltzan herritar batzuek topatu zuten hilotza.

Laffage hil eta ordu batzuetara, Foruzaingoak Yllanes atxilotu zuen, eta horrek krimenaren egiletzat aurkeztu zuen bere burua Aoizko 2 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epailearen aurrean. Epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen, ihes egiteko arrisku handia zegoela iritzita.

Foruzaingoaren ikerketak ezarri zuenez, ez zen inolako loturarik egon Laffageren eta Jose Diego Yllanesen artean, 2008ko uztailaren 7ra arte. Poliziak 2008ko uztailaren 7an ezarri zuen bien arteko lehen hartu-emana, Iruñeko Pedro I.aren kalean, Yllanesek biktimaren hiru lagunekin hitz egin zuenean. Foruzainek bi gazteen irudiak lortu zituen, Sancho Ramirez kaleko etxebizitzarako bidean, eta, ondoren, Yllanesenak, Unibertsitate Klinikan eta inguruko kaleetan, 11:00etan.

Laffageren hiltzaileak barkamena eskatu zion familiari, eta ez zuela egindakoa egin nahi izan esan zuen, "baina hil egin nuen". Hiltzaileak hiru ordu baino gehiago eman zituen egindakoa azalduz, eta biktimaren gainean "lepoa estutzen" egotea gogoratzen zuen. "Ondorioak daudela onartzen dut, eta ordainduko dudala", esan zuen.

"Barkatu Nagore. Barkatu Nagoreren senideak. Barkatu nire familia eta gizartea. Neure burua iraindu dut, jendea laguntzeko prestakuntza izan dudalako. Barkamena eskatzen dut eta zuen esku naukazue (herri epaimahaiari zuzenduta), baita Nagoreren familiaren esanetara ere", esan zuen bere alegatuan.

Bestalde, Asun Casasola Laffageren amak Radio Euskadin esan zuenaren arabera, "inork ez du Yllanesen barkamen eskaera sinisten". "Zigorra murrizteko helburuarekin baino ez du egin", gaineratu zuen.

Diego Yllanesek 12 urte eta erdiko espetxe zigorra jaso zuen 2009an, gizahilketa delitua egiteagatik.

Beste kolpe bat familiarentzat, Gorenak berretsi zuenean

Geroago, 2010ean, Auzitegi Gorenak zigorra berretsi eta hilketatzat jo zezan aurkeztu ziren helegiteak baztertu zituen. Hala, aintzat hartu zituen orduko bi aringarriak; kaltearen ordaina eman izana, Yllanesek 126.853 euro eman baitzizkion Laffageren familiari, eta edanda egotea. Halere, epaimahaiak ez zituen aringarritzat onartu haserrealdi baten eraginez jokatu izana eta delitua aitortzeagatik eskatutakoa, psikiatraren defentsak aurkeztu zuenaren aurka eginda.

Akusazio guztiek egindako eskakizunak alde batera utzita, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak uko egin zion hilketatzat hartzeari. Halere, epaimahaiko kide batek boto partikular bat eman zuen: alebosiaz jokatu zuela kontuan hartu, eta hilketatzat hartu behar zela esan zuen. Gorenak, baina, baztertu egin zuen.

2014an, Yllanesek Espainiako Gobernuari indultu eskaera egin ondoren jakin zuen gizarteak zigortutako hiltzaileak hainbat baimen izan zituela espetxetik irteteko, nahiz eta zigorraren hiru laurdenak beteta ez eduki.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook Iruñea Xeko albisteak 2024 Indarkeria matxista Nafarroako albisteak Delituak azken ordukoa Irun bideoak Gaurko azken orduko albistea