Gizartea -
Sariak
Virginia Imaz pailazo eta aktorea, 2017ko Berdintasunerako Emakunde Saria
Arte eszenikoen alorrean "aitzindaria eta berritzailea" izan da Imaz, betiere, emakumeen eta gizonen berdintasunik eza ikusarazteko lan eginez.
Agentziak | Erredakzioa
2017ko Berdintasunerako Emakunde Saria Virginia Imaz Quijera clown eta aktoreak jasoko du kontzientzia feminista duen ipuin kontalari eta pailazo bezala duen ibilbide luze eta ausartarengatik, eta emakume eta gizonen berdintasunik eza ikusarazteko egindako lanarengatik. Lehendakariaren eskutik jasoko du saria Imazek, apirilean.
Epaimahaiaren hitzetan, "arte eszenikoen alorrean aitzindaria eta berritzailea izan da Imaz, etiketen kontra borrokatu du eta pailazo ofizioari duintasuna eman dio, era honetara, kultur arloko beste hainbat emakumeren erreferente bihurtuz".
Imaz aktorea, pailazoa, ahozko kontalaria, clownklusionista, gidoilaria, agertokiko zuzendaria da eta, gainera, Helduen Etengabeko Hezkuntzako irakaslea izan da. Trebatzaileen trebatzailea da, eta 30 urteko ibilbide profesionala duen Oihulari Klown antzerki-konpainiako zuzendari artistikoa eta sortzailea da. Ia hiru urtez egin zuen lan Cirque du Soleil ezagunaren "La Nouba" ikuskizunean. Umorearen esparruan egin duen lanak begirada barneratzailea eskaintzea izaten du beti helburu.
Epaimahaiak, honekin batera, umorea gizartearen ispilu bezala erabili duela azpimarratu du, konplazentziarik gabe, baina, aldi berean, gaiztakeriarik gabe.
Saria kultur arloan lan egiten duten pertsona eta talde guztiei luzatu nahi diela esan du ostegun honetan Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, horiek erakusten baitute kultura gizartea eraldatzeko tresna ezin hobea dela; kulturak berdintasuna zer den ikasteko eta emakumeen parte hartzea eta aitortza sustatzeko estrategia berritzaileak eskaintzen dizkigulako.
Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea; emakumeek egindako lana aintzat hartzea eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren egindako lanetan nabarmendu direnak saritzea, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren egindako lanetan nabarmendu direnak. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da.
Sari bakarra ematen denetik hauek izan dira sarituak: Mari Jose Urruzola (2006), Bagabiltza elkartea (2007), Bizkaiko Emakumeen Asanblada (2008), Lilaton taldea (2009), Teresa del Valle (2010), Irun eta Hondarribiko alarde mistoak (2011), Bilboko Modulo psikosozialak (2012), La Posada de los abrazos elkartea (2013), María de Maeztu Fórum Feminista (2014), Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea eta Hitzez Baserriko Emakumeen Elkartea (2015), eta Marta Macho Matematikan doktorea (2016).