Gizartea -
Tabakoaren aurkako lege berria
'Tabakoaren aurkako Legea eta ostalaritza bateragarriak dira'
Osasun eta irakaskuntza zentroetan, aire zabalean badaude ere, eta umeak dauden parkeetan debekatuta egongo da erretzea.
Redacción
Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren hitzetan, Tabakoaren aurkako Lege berria "ostalaritza sektorearekin bateragarria izango da". Tabakoaren aurkako Legearen erreformak aisiarako toki publikoetan (taberna eta jatetxeetan, besteak beste) erretzea debekatuko du.
Zabaletak azaldu duenez, ostalaritza sektorea ez da kaltetua aterako, izan ere, "Legea maila berean aplikatuko zaie guztiei".
Tabakoa erregulatzeko erreformaren testua "bukatzear" dago Diputatuen Kongresuan. Astearteko bileran moldaketa garrantzitsuak egin dira: osasun zentro guztietan erretzea debekatuko da, aire zabalean badaude ere. Halaber, hezkuntza zentroetan ere debekatuta egongo da erretzea, unibertsitateetan izan ezik. Umeentzako parkeetan ere debekatu egingo dute erretzea. Kirola aire zabalean egiten diren tokietan erretzeko debekua, ordea, ez da aurrera atera.
Asteazken honetan bozkatuko dute Legea Kongresuko Osasun Batzordean eta urtarrilaren 2an sartuko da indarrean, Gabonak igarota.
Ostalaritzako langileen eta haurren osasuna babesteko, leku itxietan erretzea debekatuta izango da Tabakoaren aurkako Lege berria indarrean sartzen den unetik aurrera. Bi pareta eta teilatua ez dutenak, baina, "leku irekiak" izango dira, Lege berriaren aurrean.
Halere, aisiarako toki publiko itxi guztietan erretzeko debekuaren inguruan ez dira ados jarri. PPk, esaterako, zuzenketa aurkeztu du, establezimenduek euren azaleraren % 30 erretzaileentzat egokitzeko aukera izan dezaten. Oso zaila izango da, ordea, zuzenketak aurrera egitea, proposamen hori aurreko legearen kontrakoa baita.