Gizartea -
Nafarroa
Gizon bat hil da Campanasen, karbono monoxidoa arnastuta
Antza denez, pabiloi batean lotan zegoen etxerik gabeko gizon bat zen; sorgailu baten bidez elikatutako berogailua piztu du eta, dirudienez, horrek gasa emititu du.
eitb.eus
Pertsona bat hil da gaur, osteguna, goizaldean Nafarroan, Tebas-Muru Artederretan dagoen Campanasen, geltokiko pabiloi batean. Litekeena da karbono monoxidoa arnastuta hil izana.
Foru Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, bertan lotan zegoen etxerik gabeko gizon bat zen hildakoa. Antza denez, sorgailu baten bidez elikatutako berogailua piztu du eta, matxura batengatik, gasa emititu du, heriotza eraginda.
Pabiloi horretan zegoen beste pertsona batek jarri du jakinaren gainean SOS Nafarroa zerbitzua. Horrezkero, guardiako mediku bat eta anbulantzia bat bertaratu dira, baina heriotza baino ezin izan dute baieztatu.
Foruzaingoak ikerketa abiarazi du, gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko.
Gorpua Nafarroako Medikuntza Legaleko Institutura eramango dute, autopsia egin diezaioten.